Urberuaga auzoko argiteria hobetzeko lanen bigarren faseagaz hasi da Foruko Udala
Herriko Landa Inguruen argitasuna berritzeko planaren baitan, Foruko Udala Urberuaga auzoko argiteria hobetzeko lanen bigarren faseko lanak egiten ari da. Lan horien bitartez, herrian eraginkortasun energetikoa lortu gura dute, eta igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu gura dituzte. Era berean, herritarrei zerbitzuak eta segurtasuna bermatzea dute helburu.
Foruko Udaletik jakinarazi dutenez, oraingoan, 36 argi puntu egokituko dituzte, eta horretarako 59.631,36 euroko inbertsioa egingo dute. Diotenez, lanak bi hilabetean amaitzea aurreikusten dute. Kanpo argiteriaren berrikuntzen ondorioz, urtean 3.440 euro aurreztea aurreikusten du udalak.
Lehenengo faseko lanak 2015. urte amaieran egin zituzten. Orduan, Harrobia eta Ibarra tartean egin zituzten hobetze lanak; guztira, 13 argi puntu egokitu zituzten, 30.011 euroko aurrekontuagaz.
Bestalde, herrian eraginkortasun energetikoa lortzeko auzo eta landa inguruen argiteria berritzeko konpromisoagaz jarraitzeko, Foruko Udalak Gaitoka auzoko argiteria berritzeko lanak esleituko ditu irailean, 137.000 euroko aurrekontuagaz. Horiek egiteko udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 48.000 euroko diru laguntza jaso du, Tokiko Agenda 21 programaren baitan.
Foruko alkate Jane Eyre Urkietak azaldutakoaren arabera, “argia funtsezkoa da, batez ere, Urberuaga auzoan, neguan hainbat argi mozketa izaten baitituzte auzotarrek. Proiektu honekin, argiaren kalitatea, segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetuko ditugu”.