Bermeoko Udalak 2016ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuan argitaratuko diren artikuluak edo lanak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa egin du aurten ere. Horiek
aurkezteko azken eguna bihar izango da. Lanak, Gizarte eta Kultur Etxeko
Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu beharko dira edo
kultura@bermeo.eus helbide elektronikora ere bidali daitezke.
Santa Eufemia eguna, Gaztelun
Bermeotar guztiei zuzendutako ekimena da, eta kultura zinegotzi Aingeru Astuik dioenez “herri mailako sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatzea eta zabaltzea da horren helburua, sortzaileei euren lanak ezagutarazteko aukera emateaz gain”.
Aurkez daitezkeenak,
Bermeoren inguruko kondairak, istorioak (benetakoak zein fikziozkoak),
ipuinak…izan daitezke. Horrez gain, Bermeo edo bermeotarrekin zerikusia duten kultura, hezkuntza edo gainontzeko arloetako sortzaileen lanak izan daitezke, betiere,
iritzi artikuluak ez badira. Honako gaiei buruz idatzi ahal dela diote: antropologia, folklorea, hizkuntza, historia, fikzioa, ahozko zein idatzizko literatura, kultura, artea, musika…
Udalaren deialdi horretan
16 urtetik gorako bermeotarrek edo Bermeon bizi diren herritarrek parte hartu ahal dute. Dena den, 16 urtetik beherakoen lanak ere argitaratuko dira bertso paper lehiaketa, ipuin eta narrazio lehiaketak edo mota horretako gainontzeko lehiaketetan sariak irabazitako herritarren lanak badira.
Lan bakoitzak,
gehienez, 10.000 karaktere izan beharko ditu, hutsuneak barruan. Gutxi gorabehera
lau orrialde dira, testu hutsa baldin bada. Testuak
argazkiekin osatua baldin badago,
orri bat gehiago eduki ahal du.
Partaide bakoitzak
lan bat edo bi aurkeztu ahal ditu. Lanek
izenburua eduki behar dute, eta testuagaz batera
egilearen datuak agertu behar dira. Lanak
paperean aurkezteaz gain,
euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko dira,
word formatuan, hain zuzen. Era berean, testuagaz batera ilustraziorik edo
argazkirik aurkeztekotan, jpg formatuan aurkeztu beharko direla jakinarazi dute.
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia
jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartu gura duten horiek, berriz, barikua (uztailak 1) dute lanak aurkezteko azken eguna.