Ingurumena babestearen beharra adierazi dute herritarrek
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko eta eguneratzeko prozesuaren baitan egin zuten tailerrean ingurumena babesteko hainbat proposamen batu zituzten. Horien artean, Busturialdearen ahalmen turistikoa zehazteko beharra azaldu zuten.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde eta Politika sailburuorde Izaskun Iriartek azaldu legez, “nekazaritza estentsiboa, ekologikoa eta hurbilekoa sustatzeko proposamenak ere aipatu zituzten tailerrean, ibilbide motza edo ‘zero kilometroa’ delakoa bultzatuz. Ondare industriala eta eraikia berrerabiltzea ere aipatu zuten, berriak eraiki ordez, beste udalerri askotan egin den bezala”.
Tailerrera bertaratu zirenek, eskualdeko udalerrien arteko garraio publikoa hobetzeko beharra ere aipatu zuten. Bestalde, lurzoru urbaniza-ezinaren Plan Berezi bat sustatzeko premia ere ikusi zuten.
Beste behar batzuen artean, LAGetan jasotako zehaztapenak noraino betetzen diren jakiteko jarraipen batzorde bat eta adierazleak sortzea proposatu zuten. Klima aldaketari buruzko ikerketa zientifikoak sustatzea eta horien zabalpean egitearen beharra ere aipatu zuten, “gizartea kontzientziatzeko”.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak martxan jarri duen ekimen horrek jarduera ekonomiko eta sozial asko baldintzatzen dituzten gidalerroak eguneratzeko helburua dauka. Egitasmoa izaera parte hartzailean oinarritzen da; horregatik, hainbat eskualdetan ari dira tailer horiek egiten, eragile sozialen, teknikarien eta herritarren proposamenak lehen eskutik jasotzeko.