Frontenis txapelketa antolatu dute Bermeon, lehenengoz
Bermeoko Artza Pilota Elkarteak, udalaren Kirol Patronatuaren laguntzagaz, frontenis txapelketa antolatu du, lehenengo aldiz. Frontenis txapelketa uztailaren 8ko asteburuan hasiko da, eta iraileko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan amaituko da.
Hiru maila egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek: Gaztetxoak (2002 eta 2003 urteetan jaiotakoak); kadeteak (2000 eta 2001 urteetan jaiotakoak); eta 22 urte azpikoak (1994. urtera arte jaiotakoak).
Txapelketan parte hartu gura duten horiek, eguenera arte (ekainak 30) eman ahalko dute izena, Artza frontoiko tabernan. Txapelketaren ordutegia honakoa izango da: barikuetan, 19:00etatik aurrera; eta zapatu eta domeketan, 10:00etatik aurrera.
Irune Ormaetxea kirol zinegotziak azaldu duenez, “Bermeoko Udal Kirol Patronatua kirol taldeekin elkarlanean ari da, eta elkarlanaren helburuetariko bat da kirola adin guztietako herritarrei hurbiltzea ekintza herrikoiak bultzatuta”. Hala, herritarrak gonbidatu gura dituzte txapelketa horretan parte hartzera, eta frontenisagaz ondo pasatzera.