Askotarako eman du jaietako lehen txanpak
San Pedro jaietan murgilduta daude Mundakan. Lehenengo asteburua pasata, santuaren eguna ospatuko dute bihar. Hala ere, domekara bitartean ume zein nagusientzako jarduera ugari izango dituzte.Egitarau bete-betea izan dute asteburuan mundakarrek. Bariku...
San Pedro jaietan murgilduta daude Mundakan. Lehenengo asteburua pasata, santuaren eguna ospatuko dute bihar. Hala ere, domekara bitartean ume zein nagusientzako jarduera ugari izango dituzte.
Egitarau bete-betea izan dute asteburuan mundakarrek. Barikuan, San Joan egunagaz batera hasi zituzten herriko jai nagusiak, sanpedroak. Eta hasiera emanda, ez dute aspertzeko astirik eduki. Hala ere, oraindik jaiegun asko dituzte aurretik.Txilipitxeruen eguna izan zen barikukoa. Poteoa egin zuten eguerdian, ondoren, udaletxe azpian herri bazkaria egiteko. Dozenaka lagun egon ziren herri bazkarian. Bazkal ostean, jolasak egin zituzten, plazan. Iluntzean, txapelak eta mozorroak hartuta, Basarenara igo ziren herriko kuadrillak, handik dantzan jaitsi ziren herrira. Ume, gazte zein nagusiek parte hartu zuten, giro ezinhobea sortuta. Gauean, Txilipitxeruen karroagaz dantzan jarraitu zuten, kalez kale.
Jaietan, kirola ere posible
Mundakako Jai Batzordeak antolatu duen egitarauan, kirolik ez da falta. Surf bataioa, Sanpedroetako mendi martxa, Euskadiko selekzioen arteko txapelketa eta krono igoera izan dituzte jaietako lehenengo asteburuan.
Hamazazpi txirrindularik parte hartu zuten zapatuko III. Krono igoeran. Denborarik onena Lander Lartitegi Ormazabalek egin zuen: 00:07:48. Haren atzetik iritsi zen Bingen Fernandez, 00:08:33ko denboragaz. Hirugarrena Andoni Ispizua izan zen, 00:09:25ko denboragaz.
Musikak eta dantzek ere lekua izan dute asteburuan Mundakako kaleetan; umeak pirataz jantzi ziren domekan apar festan parte hartzeko.
San Pedro eguna dute bihar, eta domekara arte jaietan murgilduta egongo dira.