Ekaitz Oar-Artetak eta Mikel Egigurenek 25 puntu lortu zituzten barikuan.
Roke Alberdi eta David Minvielle sailkatu ziren bigarren, hamabi puntugaz, eta puntu bat gutxiago lortu zuten Gorka Ubilla eta Jon Curveur hirugarrenek. Asier Bidaburu eta Txabi Inza laugarren sailkatu ziren, zazpi puntugaz.
I. Amerikar Kiniela Irekiaren parte hartzaileak. Argazkia: Nueva Europa.
Jai Alai Eskolako kideek azaldu dutenez, “oso giro ona” egon zen Jai Alai frontoian. Bertan bildutako zaleek profesionalen eta afizionatuen erakustaldiagaz gozatu zuten lehenengo, eta I. Amerikar Kiniela Irekiaren ostean, herriko zesta punta eskolako umeen partidak ikusteko aukera izan zuten. “Giro polita egon zen, eta umeen partidak ikusten geratu ziren asko”.
Biharko Izarrak eskolarteko topaketa
Markina-Xemeingo eskolako bikote irabazlea.
Bestalde, asteburuan Gernika-Lumoko, Markina-Xemeingo, Berriatuako, Mutrikuko, Gasteizko, Noaingo, Cabanillaseko eta Biarritzeko zesta punta eskoletako umeen topaketa egin dute Jai Alai frontoian.
Zapatu arratsaldean sailkapen partidak jokatu zituzten, eta atzo lehiatu zituzten finalerdiak eta finalak.
Umeen mailan, Markina eta Biarritz heldu ziren finalera, eta 25-22 nagusitu ziren markinarrak. Benjaminetan, berriz, Mutriku eta Noain aritu ziren nor baino nor gehiago finalean, eta mutrikuarrek 25-12 hartu zituzten mendean nafarrak.
Partidak jokatzeagaz batera, zapatuan eta domekan elkarrekin egon dira, eta umeek primeran pasatu dutela azaldu dute Jai Alai Eskolako kideek. “Denak oso pozik egon dira, egun guztia elkarregaz pasatu dute, eta lo ere batera egin dute. Topaketa arrakastatsua izan da, eta guraso askok zoriondu gaituzte”.
Zortzi eskola horietako 24 ikasle batu dira Gernika-Lumon. “Denek jokatu dituzte bi edo hiru partida, baina, lehia gutxienekoa izan da. Denak elkarrekin egotea, harremanak sendotzea izan da topaketaren helburu nagusia”.