Atzoko emaitzak onartu eta urrira begira dela dio Bego Landak
Senaturako ordezkaritzarik ez du lortu EH Bilduk. Atzoko emaitzei erreparatuta, EAJren hautagaiak izan ziren Busturialdean boto gehien izan zituztenak. EH Bilduren aukera Nabarnizen eta Ajangizen bakarrik izan zen bozkatuena. Bego Landa bermeotarra eta Gernika-Lumoko zinegotzia izan da EH Bilduk Bizkaian aurkeztu duen zerrendaburua. Madrileko Senatuan bere alderdiak eta berak lan asko egin zezaketela uste du: “Senatuak badu bere garrantzia, eta gu hor egotea garrantzitsua dela uste dugu, aldaketaren alde egiteko”. Hala ere, aukerarik ez dute izango hurrengo lau urteetan.
Atzoko emaitzen balorazio “txarra” egin du Landak, baina herritarrek bozkatu dutena onartu behar dutela dio. “Madrilera begirako hauteskundeak izan dira, eta baliozko botoek min egin digute”, esan du. Orain, urrira begira dela aitortu du Landak: “Animorik ez dugu galdu, eta hurrengo hauteskundeak prestatzen hasiko gara, horiek bai dira-eta gureak”.