Zaletasunez jaiotako korua
Bermeoko Orfeoi modura ezaguna zen hasieran, 100 abeslari baino gehiago zituelako. Gaur egun, 40 abeslari inguruk osatzen dute 60. urteurrena ospatzen ari den Bermeoko Abesbatza.San Pedro eguneko meza batean kantuan hasi zen Bermeoko Abesbatza, eta 60 ...
Bermeoko Orfeoi modura ezaguna zen hasieran, 100 abeslari baino gehiago zituelako. Gaur egun, 40 abeslari inguruk osatzen dute 60. urteurrena ospatzen ari den Bermeoko Abesbatza.
San Pedro eguneko meza batean kantuan hasi zen Bermeoko Abesbatza, eta 60 urte daramatzate lanean. Hasierako taldean kantuan hasi ziren lau abeslari ere oraindik badaude. Ahotsa galdu egiten den arren, gogoa ez delako galtzen.Parrokietako koruek eta bermeotarrek zuten musikarekiko zaletasun eta gogo handiak eraginda sortu zen 1956an Bermeoko Abesbatza. Fraideak izan ziren sustatzaileak. Hasieran, 1956 eta 1963. urteen bitartean, abesbatza Jon Zubieta eta Luis Esnal frantziskotarrek eta Jose Antonio Egia musikalariak zuzendu zuten. 60ko hamarkadan, baina, eten bat izan zuen. Bigarren garaian, Jose Antonio Egiak zuzendu zuen abesbatza, hil arte. 1990. urtera arte, Gaizka San Pedro izan zen zuzendari. Egun, abeslari hasi zen Karmele Barrenaren aginduetara lan egiten dute; 20 urte daramatza Barrenak. Tarte batean abesbatza utzi beharra eduki zuen, eta, haren ordez, Bihotza Fradua egon zen.
40 lagun inguruk osatzen dute gaur egun Bermeoko Abesbatza. Kopuru «polita» dela dio Barrena zuzendariak. Abeslari gehienek 60 urtetik gora dituzte.
Hasieran, Bermeoko Orfeoi modura ezagunak ziren, 60ko hamarkadan 100 lagun inguru zirelako. Hala ere, ia talde guztietan gertatu modura, Bermeoko Abesbatzan ere gorabeherak bizi izan dituztela dio Barrenak.
Diskoak
Bermeoko Abesbatzak diskoak ere baditu. Barrenak dioenez, 60ko hamarkadan grabatutako disko bat dauka abesbatzak. Ondoren, 50. urteurrena ospatzeko, beste bat grabatu zuten, Andra Mari elizan: «60ko hamarkadan grabatutako diskoa berriztu genuen. Gogoa beti daukagu, baina zaila da disko bat grabatzea. Dena dela, grabazio asko dauzkagu».
60 urtean abesbatzak aldaketa ugari bizi izan ditu: «Denetan aldatu da, teknika aldetik baita ere. Lehen beste modu batera kantatzen zen. Urte asko zeramatzatenei kosta egin zaie, baina gaur egun esan dezakegu soinu propioa daukagula. Udaberriko Kontzertuetan esan digute momentu guztiz fin batean gaudela».
Urtean hainbat kontzertu eskaintzen dituzte. Korurik ez duten herrietan zaletasuna pizteko Udaberriko Kontzertuetan parte hartzen dute. Era berean, Andra Mari elizako organoari erabilera emateko, urtero kontzertu bat eskaintzen dute organojole bategaz. Bilboko Begoñako baselizan urtero ospatzen den Bizkaiko Koralen astean ere egoten dira, eta Gabonetako kontzertuak ere eskaintzen dituzte. «Horiez gain, espero ez ditugun beste hainbeste ere eskaintzen dizkigute; beste herri batzuekin trukeak, esaterako. Urtean hamabi ekitaldi inguru egiten ditugu», dio Barrenak.
60 urtean, gainera, leku askotan abesteko aukera eduki dute. Beste batzuen artean, 1986an Parisen egon ziren; 1987an kontzertuak eskaini zituzten Versallesen eta Erroman; 2002an, Habanera topaketaketetan parte hartu zuten Avilesen (Asturias, Espainia).
Gainera, zenbait lehiaketatan ere parte hartu izan dute. San Vicente de la Barqueran (Kantabria, Espainia) egiten den arrantza giroko abestien lehiaketan parte hartu izan dute, sariak lortuta; Tolosan ospatzen den nazioarteko polifonia eta euskal kantu txapelketan egon izan dira eta Torreviejako (Alacante, Espainia) XV. Habanera lehiaketan ere partu hartu zuten, beste hainbaten artean.
Astean birritan batzen dira, ordu eta erdi egun bakoitzean. Normalean, nahikoa izaten dela dio, baina behar izatekotan, hirugarren egun bat ere jartzen dute probasaioetarako.
Ospakizunak
Hilaren 26an, domekan, 60.urteurrena ospatzeko jardueren barruan, meza abestua egingo dute. 13:00etan izango da, Santa Eufemia elizan. Arrain Azokaren baitan, Alkartasuna Dantza Taldeagaz (40 urte) eta Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz (10 urte), ekitaldi «polita» egin zuten. Aurten urteurrenak ospatzen ari diren talde horiekin, eta beste ikuskizun bat ere antolatu dute irailerako; Artza frontoian izango da.
Bermeoko Abesbatzak, baina, abuztuko Aste Kulturalaren baitan egingo du kantaldi berezia. Abuztuaren 5ean izango da hori, Andra Mari elizan. Abesbatzeko zuzendari Karmele Barrenaren esanetan, abesbatzaren historiaren gainbegirada bat egingo dute.
Hamazortzi abesti prestatzen ari dira abuztuko kantaldi berezi horretarako. Irailean, frontoian egingo duten ekitaldirako, berriz, zazpi abesti inguru prestatu beharko dituzte. «Begoñako baselizan ospatzen den Bizkaiko Koralen asterako zer edo zer berria prestatzen saiatzen gara urtero. Gero, guk, urtean erabiliko duguna. Baina estreinaldia han egiten dugu». Izan ere, kontzertutik kontzertura gauza berriak sartzen saiatzen da Barrena, «bata bestearengandik desberdintzeko».
Bermeko herritarrek habanerak dituzte gustukoen. Hala eta guztiz ere, euskal kantekin eta elizako musikagaz ere ondo pasatzen dutela dio Barrenak, eta indarragaz amaitzen diren abestiak dituztela herritarrek gogokoen; hori, baina, orokorra izaten dela uste du abesbatzeko zuzendariak.