Markina-Xemeingo baserri mundua, 'Garaian' aldizkariaren 51. zenbakian
Bihar goizean aurkeztuko dute zenbaki berria, Uhagonen. Guraso Elkarteari buruzko artikulua eta Yolanda Arrietari egindako elkarrizketa ere jaso dituzteGaraian Kultur Elkarteak urtero argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berria kaleratuko du bihar, ...
Bihar goizean aurkeztuko dute zenbaki berria, Uhagonen. Guraso Elkarteari buruzko artikulua eta Yolanda Arrietari egindako elkarrizketa ere jaso dituzte
Garaian Kultur Elkarteak urtero argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berria kaleratuko du bihar, 12:00etan, Uhagon Kulturgunean. 51. zenbakiak Markina-Xemeingo baserri mundua duela hizpide aurreratu dute.Berbetan atalean, herriko adin ezberdinetako hiru baserritarren arteko solasaldia irakurtzeko aukera egongo dela jakitera eman dute, eta Elkarrizketa atalean, berriz, 87 urteko emakume baserritarrari egindako elkarrizketa bat. «XX. mendeko Markina-Xemeingo nekazal munduaren inguruko artikulua ere gaineratu dugu Historian Barrena deritzon atalean, eta azkenik, inguruko baserrien argazkiak eta baserriari lotutako bizimodua islatzen duten argazkiak aurkitu ahalko dira».
Horrez gain, aldizkarian beste gai batzuk ere jorratu dituzte, hala nola, azken orrialdeetan, 50 urte bete berri dituen Markina-Xemeingo Guraso Elkarteari buruzko artikulu bat eta Yolanda Arrietari Argiaren Alaba liburuaren inguruan egindako elkarrizketa bat ere aurkitu daitezke.
Zapatutik aurrera, Garaian-en zenbaki berria eskuragarri egongo da ohiko saltokietan: prentsa saltoki, Zuriñe, Zutoia eta Kareaga jostailuak dendetan.