Alde Zaharrean eztanda egiteko prest dago XIX. Zapato Azule
Radixukoek gogorarazi dutenez, jaiaren funtsa ekonomikoa da, irrati libreak bere egunerokoagaz jarraitu ahal izateko. Mutrikutik egingo dute Dinamartxa igerianZapato Azulari begira gogotsu daude Radixu Irratiko kideak. Hain zuzen ere, jaia antolatzeko ...
Radixukoek gogorarazi dutenez, jaiaren funtsa ekonomikoa da, irrati libreak bere egunerokoagaz jarraitu ahal izateko. Mutrikutik egingo dute Dinamartxa igerian
Zapato Azulari begira gogotsu daude Radixu Irratiko kideak. Hain zuzen ere, jaia antolatzeko erronkari hamaikagarrenez ekingo diote bihar.Aurtengoa ez da nolanahiko ospakizuna izango. 25. urte bete ditu herriko irrati libreak, eta egitarau barruan ezer berezirik prestatu ez badute ere, kutsu berezia izango du herriko jairik bitxienak. «Ez dugu urteurrenagaz duen ezer berezirik prestatu. Hala ere, kamiseta azokan jarriko dugun erakusmahaian urteurrenagaz zerikusia duen materiala salgai egongo da».
Radixukoek gogorarazi dutenez, gainera, jaiaren funtsa ekonomikoa da, irrati libreak bere egunerokoaz jarraitu ahal izateko. «Ez da ahaztu behar, jaia, azkenean, Radixu finantzatzeko dela».
Jaia ofizialki ahozko bolanderekin hasiko bada ere, aurretik hasiko dira eguna girotzen. Tolosatik 01:00etan eta 09:00etan irtengo dute Dinamartxa oinez eta bizikletaz egingo dutenek, hurrenez hurren. Oinezkoen autobuserako zeuden lekuak Dinamartxan izena emateko lehen egunean agortu ziren, eta antolatzaileek iragarri dutenez, itxaron zerrendan dauden hainbat lagun badaude. 73 lagunek eman dute izena oinezko martxan, eta bizikletaz 200 lagundik gora izango dira.
Era berean, igerilariek itsas zeharkadia egingo dute, 10:00etan irtenda, Mutrikuko hondartzatik. Lau piragua eta motor txiki baten laguntzagaz, bi itsas milia eta erdi egingo dituzte igerian. 11:30-12:00ak inguruan ailegatuko dira Arrigorri hondartzara.
Herrira zabaltzen
11:00etan irekiko ditu ateak Euskal Herriko Kamiseta azokak. Bertan, Euskal Herri osotik etorritako 19 erakusmahai egongo dira, horietatik bost ondarrutarrak. Ordu berean, gainera, puzgarriak egongo dira, Itsasaurren, Arnasa elkartearen eskutik. «Herritarrek hainbat bider jaia herrira zabaltzeko eskatu digute, eta eskari horri erantzunez, Alde Zaharra ez da hainbesteraino beteta egongo».
Eguneko momentu berezienetako bat Manuel Eluren ahozko bolanderekin etorriko da. 12:00etan, filma ezagunen bateko soinu bandagaz girotuta, Nekane Akarregigaz batera irtengo du Eluk Alaiko balkoira, eta haren bolanderek piztuko dute jaia.
Eguerdian hainbat ekintza egingo dira, baina 14:00ak inguruan, eguneko unerik politenetariko eta hunkigarrienetaria ailegatuko da: Dinamartxa. Ordu horretarako, Kantoipe, Nasa eta Kofradia Zaharraren inguruetan batutakoak Dina Bilbaoren omenezko martxan datozenen zain egongo dira. Kresalako bandako musikariek, Artelango erraldoiek, Alaiko balkoian egongo diren irrintzalariek eta han batutako jendearen txalo zaparradak eta Txapeldunak kantuak hartuko ditu Dinamartxan parte hartuko dutenak.
Dinamartxako azkena sartu ondoren, ohi modura, Radixu Irratiaren pregoia irakurriko da Alaiko balkoitik, eta orduan jakingo da aurtengo omendua zein den. Bazkal aurretik, Bertsutan elkartekoek bertsoak abestuko dituzte, eta Kamiseta azokako irabazleen sari banaketa ere egingo da.
Txosna gunea, Musika Plazan
Arratsaldean, umeentzako beti-betiko jolasak egongo dira. Txokor batzea, arrautza goilaran eramatea, sagarrak uretan, gozokiak irinetan… eta jolasak «soka- tira apoteosikoagaz» eta Trikitixa abesten eta dantzatzen amaituko dira.
Iluntzean, jaia azken txanpan sartzen hasi orduko, Txo! Antzerki Kolektiboko kideek esketxa egingo dute aurtengo omenduaren omenez, eta gero, erromeria egingo da, Plazagainen. Banakoagaz hasi eta Larrain dantzagaz amaituko dute erromeria.
Dantzen ostean, jaiari bukaera eman eta eskertzei tartea egiteko sasoia etorriko baldin bada ere, azken urteetan gertatu legez, jaiak Alde Zaharretik Musika Plazara jauzi egingo du. Bertan jarriko den txosna gune berezian jaia luzatzeko aukera egongo da kontzertu eta erromeriarekin.