Gernika Bizkaiak Maria Asurmendi fitxatu du
“Luxuzko fitxaketa” dela adierazi du klubak. Hainbat denboralditan jokalaria fitxatzeko ahaleginak egin ostean, oraingoan akordioa lortu dute. “Maria Asurmendik hemen jokatzeko desioa errealitate bihurtu da azkenean!”.
Jokalari nafarrak Gernika Bizkaiaren webgunean esan duenez, “oso pozik” dago, “ilusioagaz”, eta lanean hasteko “gogotsu”: “Denboraldi bikaina egitea espero eta desio dut. Elkarregaz gozatzea gura nuke. Betiko moduan gogor lan egingo dut, eta taldeari ahal dudan guztian laguntzeko ahaleginak egingo ditut. Gainera, lagun handiak ditut taldean, eta seguru denboraldi ahaztezina izango dela”.
1.67 metrogaz jokaldiak zuzentzeko talentua du Asurmendik, eta batik bat egoera bakoitzean joko erritmo egokia ezartzeko gaitasunagatik nabarmentzen da. Antolatzailea da, eta urruneko jaurtiketetan ona.
Euskadiko selekzioan talde gernikarreko jokalarien taldekidea izan da, eta aurreko denboraldian Erregina Kopa irabazi zuen Conquerogaz. Halaber, denboraldiaren azken hilabetean Ligako txapeldun izan den Avenidan jokatu zuen.
Gerardo Candina Gernika KESBeko presidentea oso pozik agertu da fitxaketa berriagaz: “Ligaren antolatzaile onenetarikoak gure proiektuagaz bat egitea ohorea da. Niretzat bera da antolatzailerik onena. Emakumezkoen ligan beteko dugun hirugarren denboraldirako zehaztu ditugun helburuak lortzen lagunduko digula uste dugu”.