Ahoztar Zelaietak EAJ «biluztuko» du Lekeition
Lekeitioko LABen Herri Biltzarrak antolatuta, PNV=Euskal Burgesia, txanpon beraren bi aldeak hitzaldia egongo da gaur, 19:00etan, Eskolapeko Kutxabank aurrean. Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak bere ikerketetan aurkitutako alderdi politiko, erakunde...
Zelaietak bere ibilbidean EAJ, euskal instituzioak eta enpresarien artean aurkitu dituen loturez jardungo duela aurreratu dute antolatzaileek, horretarako hainbat adibide erabiliko dituelarik.
«Modu honetan, ustelkeria salatzetik harago, hitzaldi honen bidez EAJ eta euskal burgesiaren zuzeneko harremanez jardun nahi dugu. Alde batetik, euskal burgesia eta bere ordezkari diren patronalek euskal langileriaren esplotazioan ardura berezia dutelako. Bestetik, LABen helburu nagusienetako bat Euskal Herriaren independentzia izanik, burgesiaren sektore handienetako bat delako aukera hau ukatzen duena», azaldu dute.
Erronka hamarkada luzeetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuan agintean egon den EAJ «biluztea»dela nabarmendu dute. «Izan ere, ustelkeriaz hitz egitean, beti Madril, Espainia edo PPra seinalatzen badute ere, geriza handi eta iluneko ibilbidea daukate».
Horregatik, «EAJ eta euskal burgesia txanpon berberaren bi aurpegiak direla ulerturik», Euskal Herriaren zein langile klasearen askapenerako, EAJ biluztea ezinbestekoa zaiela azaldu dute, «informazioaren hedapen, borroka politiko zein mobilizazio sozialaren bidez ‘euskal kastari’ boterea lehiatzeko».
Egin-eko ikerketa taldean eta Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan ibilia, hiru liburu ere argitaratu ditu Zelaietak: Jovenes burukides bizkainos (2013, Txalaparta), La casta vasca (2014, autoekoizpena) eta Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria (2015, autoekoizpena).