Photokak argazkilaritza lehiaketa antolatu du lehenengoz
Photoka Gernika-Lumoko argazkilaritza elkarteak argazkilaritza lehiaketa aurkeztu du, lehenenegoz. Bi kategoria izango ditu: gai librea jorratuko dute batean, eta Urdaibai eta Gaztelugatxeko biotopoa bestean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edonork parte har dezake.
Argazkiak monokromoak edo koloredunak izan daitezke, edozein modalitatekoak: bai digitalak, eta baita laborategikoak ere. Dena den, argazkiak paperezko euskarrian aurkeztu beharko dira, irudien alde txikiena hamazortzi zentimetrotakoa izan behar du, eta euskarria, gutxienez ere, 40×50 neurriko passepartout-a izan beharko da.
Lehiakide bakoitzak gehienez hiru obra aurkeztu ahal izango ditu lehiaketako atal bakoitzean; hau da, parte hartzaileek gehienez sei lan aurkeztu ahal izango dituzte.
Lehiaketan izena emateko argazkilari bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu, eta lanak irailaren 12 baino lehen aurkeztu beharko dira. Horretarako, Gernika-Lumoko Kultur Etxera bidali beharko dira: Foru Plaza 2, 48300 Gernika-Lumo, Bizkaia, helbidera.
Irabazleak 500 euroko saria eta bi lagunentzako zetazeoak ikusteko itsas-txangoa hartuko ditu sari. Bigarren saridunak 300 euro; eta hirugarrenak 200 euro. Parte hartzaile bakoitzak sari bakarra irabazi ahal izango du.