Oka ibaia berreskuratzeko proiektu parte hartzailea egingo dute
Gernika-Lumoko Udala Paisaiaren Ekintza Plana lantzen ari da, Oka ibaiaren ingurua berreskuratzeko. Errenteria eta Txaporta zubien arteko gunean ari dira plana lantzen, hain zuzen ere. Horretarako, prozesu parte hartzailea bideratuko dute, eta ekainaren 23an tailerra egingo dute Elai-Alai aretoan, 19:30ean.
Ekimen horren helburua, Oka ibaiaren berreskurapena eta inguru honek duen garrantzia naturala azpimarratzea da. Horretarako, Paisaiaren Ekintza Planak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen arloko diru laguntzak izango ditu. “Borradorearen aurkezpena egingo dugu, herritarren ekarpenekin aurreproiektu bat egin ahal izateko, eta urrian azken proiektua onartzeko”, azaldu du Maria Uribe Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen Zinegotziak. Proiektua biltzen duen memorian hainbat proposamen daudela adierazi du Uribek: bidegorri bat egitea, Gernika eta Ajangizen arteko bidea berreskuratzea, sahiesbidearen beheko aldean landareak landatzea, urtegia konpontzea eta landare inbaditzaileak kentzea, beste batzuren artean.
Une honetan eremuaren diagnostikoa ari dira egiten, eta hurrengo hilabeteetan proiektuaren kudeaketa eta neurriak zehaztuko dituzte. Ekimenaren arrakasta eta iraunkortasuna bermatzeko, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela adierazi dute; horregatik, herritarren ekarpenak erabakigarriak izango direla jakinarazi dute, “gernikarren nahietara egokitutako plana diseinatzeko”, adierazi dute.