Loreekin eskertu diote Josetxo 'Kaskas'-i hainbat urtean egindako lana
Lagunek, senideek eta mutrikuar askok omenaldi beroa egin nahi izan diote Jose Flores Lizaso 'Kaskas'-i. Ikuskizun «hunkigarri» eta guzti gogora ekarri dute omenduaren bizitza eta esentziaAsteburuan omenaldi beroa egin diote Josetxo Flores Lizaso Kas...
Lagunek, senideek eta mutrikuar askok omenaldi beroa egin nahi izan diote Jose Flores Lizaso ‘Kaskas’-i. Ikuskizun «hunkigarri» eta guzti gogora ekarri dute omenduaren bizitza eta esentzia
Asteburuan omenaldi beroa egin diote Josetxo Flores Lizaso Kaskas-i. Barikuan haren esentzia gogora ekarriko duen Kaskasen gauzak erakusketa inauguratu zuten, eta zapatuan, aldiz, Xiri parkea aukeratu zuten lore eskaintza egin, eta omenaldiarekin jarraitzeko.Bere taldearekin batera hainbat aldiz garbitu zuen parkea, eta Xiri gunea zaintzen eta mantentzen egindako lan hori eskertu nahi izan zioten herritarrek Kaskasi. Hala, berarekin batera lan horretan jarduten zutenek oroigarria oparitu zioten haren familiari, esker onez.
Mutrikuko Udalak ere gogora ekarri nahi izan zuen Floresen ekarpena. Hainbat eta hainbat «jarduera kulturaletan parte hartu eta sustatu izana» eskertu nahi izan zioten. Era berean, presoen urruntzeak senideei eragiten dizkien zailtasunak arintzeko espetxeetaraino eramaten dituzten Mirentxin Gidariek ere bertso bat eta oroigarria oparitu zioten familiari, eta ondoren, Benito Lertxundiren Loretxoa kanta abestu zuten Xiri parkean batutakoek.
Eskerrak
Herritar eta lagun gehiago ere izan ziren mikrofonoa hartu eta oroitzapen hitz batzuk eduki zituztenak. Izan ere, herritarren artean oso maitatua zen Kaskas.
Bihotz bihotzez eskerrak ematea izan zen zapatu eguerdiko ekitaldiaren asmoa, eta beraz, ekitaldiari amaiera emateko, lorez jantzi zuten Josetxo Flores Kaskasen irudiaren ondoan jarri duten Eskerrak hitza.
Arratsaldean, aldiz, entzunaldi musikala egin zuten Gaztetxean. 70eko hamarkadako musika eta bideoak proiektatu zituzten, eta Itoizeko musikariek eta Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek ere hartu dute parte solasaldian.
Gauean, berriz, eguneko ikuskizun «hunkigarria» egin zuten, Merkatu Plazan. Ekitaldia Kaskasen hormairudia margotzen hasi eta amaitu zuten Arte Eskolakoek, eta tartean, esaterako, omenduaren gazte sasoia gogora ekartzen zuen antzerkia egin zuten Goizeko Izarra antzerki taldekoek. Iñigo Arrizabalaga eta Imanol Lekunberri, aldiz, bertsotan atera ziren, eta desagertutako Itoiz taldeko kideak Urtzi Iriondorekin batera taulagainera atera ziren pare bat kanta abestera, Merkatu Plazan batutakoen gozamenerako.
Goizalderaino jarraitu zuen omenaldiak, Gaztetxean egin zen jam-session-arekin.