Urdaibaik bigarren amaitu du denboraldiko lehen estropada
Hondarribiak eskuratu zuen Basque Country Bandera atzo eguerdian, Sevillan. Hondarribitarrek ia lau segundoko aldea atera zien bermeotarrei. Zehatz esateko, hiru segundo eta 94 ehuneneko aldea atera zieten.
Hirugarren txandan atera ziren biak ala biak, Orio eta Kaikugaz batera. Hondarribia erraz nagusitu zen; lehen ziabogan alde estua egon zen lauren artean, baina, beste bietan errenta polita lortu zuen.
Zumaiak, Portugaletek, Zierbenak eta Astillerok osatu zuten lehen txanda. Bigarren txandan, berriz, Tiran, Sanpedrotarra, Cabo eta San Juan atera ziren.
Astillero hirugarren sailkatu zen, Hondarribiarengandik sei segundo eta 72 ehunenera. Eta Kaiku izan zen laugarrena, irabazlearengandik zazpi segundo eta 40 ehunenera.
Astillero izan zen lehen ziabogan azkarrena, lehia hasi eta 4 minutu eta 42 segundora eman zuen lehen ziaboga (Hondarribiak baino hiru segundo azkarrago), eta txanda berean Zierbena izan zen bigarrena, Astillerorengandik bi segundora. Bestalde, hirugarren txandan, Urdaibai eta Kaiku denbora berean sartu ziren lehen ziabogan: lau minutu eta 46 segundo.
Bigarren ziabogan ere Astillerok egin zuen denborarik onena: bederatzi minutu eta 26 segundo, eta Hondarribiarena izan zen bigarren markarik onena, Astillerorengandik lau segundora egin zuen bigarren ziaboga. Hirugarren eta azken ziabogan, ostera, hondarribitarrek markatu zuten denborarik onena (14:35).
Guadalquivir ibaiaren ur lasaietan lehiatu zuten estropada, eta ondorioz, traineru denek 20 minutu baino gutxiagotan amaitu zuten proba.