Txakolin Eguna ospatuko dute domekan, Natxituan
Txakolinaren Eguna ospatuko dute domekan Natxituan. Hain zuzen, Busturialdeko Txakolinaren sustapena egingo dute etzi; Natxituan egiten dena, hain zuzen ere. Natxituko Jai Batzordeak antolatu, eta Eako Udalaren laguntza izan du domekako ekimenak.
11:45ean emango diote hasiera egitarauari. Bolatokian batuko dira herritarrak, txakolinaren jaia ospatzeko. Bertan, txakolina dastatzeko aukera izango dute hara bertaratzen direnek. 12:30etik aurrera, berriz, Elantxobeko trikitilariek girotuko dute eguerdia.
Trikitixa doinuak entzun ostean, bertsolariek hartuko dute erreleboa. Herriko bi bertsolarik eta lekeitiar batek parte hartuko dute txaakolin egunean: Jon Arano, Ander Elortegi eta Xabat Galletebeitia.
Txakolina ez ezik, bakailoa dastatzeko aukera ere eskainiko dute domekan Natxituko txakolin egunean, 14:30ak arte.