Euskadi Basque Country IV. Bandera lehiatuko dute Guadalquivir ibaian, 12:00etan hasita.
Hamabi arraun talde hauek ariko dira nor baino nor gehiago: Urdaibai, Astillero, Cabo, Hondarribia, Kaiku, Orio, Portugalete, San Juan, San Pedro, Tiran, Zumaia eta Zierbena.
Binakako erlojupekoan lehiatuko dira, eta horixe da aurtengo berrikuntza nagusia. Tanda bakoitzeko bi traineru minutu bateko aldeagaz aterako dira.
Irteerako eta helmugako balizak Trianatik gertu dagoen La Cartujako pasealekuan egongo dira; kanpoko balizak ordea, La Barquetako zubian kokatuko dituzte.
Urdaibaik Moañan (Galizan) irabazi zuen iaz lehen bandera.
Jai giroa asteburu osoan
Azken urteetan moduan, jai giroan ekingo diote arraun denboraldiari. Horretarako, askotariko ekintzak prestatu dituzte. Gaur, esaterako, Santa Cruz auzoan trikipoteoa egingo dute.
Bihar, berriz, Herkuleseko alamedan parrillada herrikoia egingo dute, eta 20:00etatik aurrera, herri kirolen eta euskal dantzen erakustaldiak eskainiko dituzte. Gainera, gura dutenek estropaden simulagailua probatzeko aukera edukiko dute.
Halaber, La Cartuja pasealekuan GP Euskadi Basque Country Bandera jokatuko dute, 19:00etan hasita. Malaga, Sevilla eta Betis futbol taldeetako eta Euskadi-Basque Country taldeak lehiatuko dute. Azken hori, TKE ligako taldeetako arraunlariek osatuko dute.
22:00etatik aurrera, Lektronok eta Ion Din Danina DJ-en musikak girotuko du pasealekua.
Turismoa sustatzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko turismoa sustatzeko asmoagaz, 2013.urtetik, TKE Ligako klubek Euskal Herritik kanpo ekin diote arraun denboraldiari.
2013an Bartzelonan (Herrialde Katalanak) jokatu zuten Euskadi-Basque Country Bandera, eta Urdaibai nagusitu zen. 2014ean ere leku berean hasi zuten denboraldia, eta Orio gailendu zen. Malagako uretan lehiaturiko iazko denboraldiko lehen estropada, berriz, Hondarribiak irabazi zuen.
Urdaibai nagusitu zen Bartzelonan, 2013an.