Naiara Diezek Gernika Bizkaiagaz kontratua berritu du
Jokalari altsasuarrak laugarren denboraldia beteko du talde gernikarrean.
Kapitaina eta taldeko “arima” etxeko jokalaritzat dute bai klubak eta baita zaleek ere. 2015-2016 denboraldian bikain jokatu zuen, eta batik bat ligaren azken txanpan berebizikoa izan zen taldearentzat.
Intentsitate eta nortasun handiko jokalaria da, eta defentsa lanetan nabarmentzen dena. Urtez urte defentsan hobetuz joan da, eta Emakumeen Ligan hiruko jaurtiketetan onenetarikoa. Batez beste partidako 17 minutu jokatu zituen aurreko denboraldian, eta 6,1 puntu lortu.
Klubagaz lortutako akordioagaz pozik da nafarra: “Egon nahi dudan klubean nago! Gernikan jarraitzeagaz oso pozik nago; hau da nire bigarren etxea, eta hemengoengandik maitatua sentitzen naiz. Jokalari moduan hemen hazten segitu nahi dut, eta lan egiteko gogotsu nator. Denboraldi honetan zaleei albiste pozgarriak ematea espero dut”.
Zazpi jokalari
Azken asteetako fitxaketen eta kontratu berritzeen ostean, gaur gaurkoz zazpi jokalarik osatzen dute taldea. Eta klubak jakitera eman duenez, beste hiru jokalarigaz akordioak lortzekotan dira.
Momentuz, hiru jokalari fitxatu ditu Gernika-Lumoko klubak: Gracia Alonso, Maria Pina eta Sandra Pircic. Halaber, aurreko denboralditik jokalari hauek jarraitzen dute taldean: Naira Diezek, Izaskun Garciak, Yaiza Lazarok eta Victoria Llorentek.