Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko, Bakearen Doinuak kontzertua aurten berezia izango dela aurreratu du Jon Carrillo eskolako zuzendariak. Jai Alaiko oholtza gainean batuko diren
400 musikari inguruk emanaldia berezi egingo dutela esan du, aurreko urteetakoa baino alaiagoa eta era askotako abestirekin.
Aurreko urteetan ez bezala,
aurten emanaldiari dramatismoa kenduko diotela azaldu du Artur Sustatxa, bandako zuzendariak. “Bonbardaketatik harago joango da, festibal kutsua ematen saiatu gara”, azaldu du Sustatxak. Formatua mantenduko dute, baina
errepertorio alaiagoa eta rokeroagoa izango duela aurreratu du.

Arturo Sustatxa Bandako zuzendaria, Jon Carrillo Eskolako zuzendaria eta Eneko Magunagoikoetxea Kultura Zinegotzia, atzoko aurkezpenean
Segundo Olaeta Musika Eskolako (SOME) ordezkariak abesbatza, banda sinfonikoa eta hastapeneko-korala izango dira. Gonbidatuen artean, Andra Mari Korala, Bermeoko Abesbatza, Kantaize Orfeoia, Izaro Abesbatza, Elai-Alai dantza taldea, Ross dantza eskola eta Bizkaiko Gaiteroak egongo dira. Takatukada perkusio taldeak ere parte hartuko du aurtengo emanaldian.
Kontzertuaren lehen zatia klasikoagoa izango dela azaldu du Sustatxak. Opera famatuak abestuko dituzte, eta Mikel Laboa edo Benito Lertxundi bezalako musikari ezagunentzako tokia ere egongo da.
Eskolaren 25. urteurrena ez ezik,
Freddie Mercury abeslari ospetsuaren hertiotzaren mende laurdena ere izango dute gogoan. Hala, “omenaldi berezi bat bat” egingo diotela azaldu du Sustatxak. Horretarako, eskualdean bizi den Kanadako hemazortzi urteko abeslari gazte bat gonbidatu dute. Sustatxaren hitzetan, abeslari horrek aparteko abotsa dauka eta “zer esana emango du kontzertuaren ostean”.
25 urteko ibilbidea
Urtero SOMEetik pasatzen diren 500 ikaslek zer egiten duten erakustea ere bada emanaldi horren helburua. “Hemen egiten dena herriari bueltan ematea da gure asmoa”, azaldu du Carrillok. Hori dela eta, 25 urteotan eskolatik pasatu diren ikasle batzuk ere izango dira emanaldian.
Iñigo Magunagoikoetxea Kultura Zinegotziak eskolaren lana txalotu du, eta herriarentzat duen garrantzia azpimarratu. Herritarrak emanaldira joatera gonbidatu ditu eta bukatzear dauden sarrerak, Auzokoa eta Etxarte tabernetan zein Turismo Bulegoan eta salgai daudela esan du. Txartelek bost euroko prezioa dute.