Mexikar giroan agurtu dituzte jaiak amorotarrek
Zapatutik astelehenera, Oletako Pazko jaien ospakizunetan murgildu dira Amoroton. Batik bat, zapatu eta astelehen gauetan batutako jendetza nabarmendu dute Oletako Jai Batzordeko kideek.Tortilla txapelketagaz murgildu ziren jaietan amorotarrak zapatuan...
Zapatutik astelehenera, Oletako Pazko jaien ospakizunetan murgildu dira Amoroton. Batik bat, zapatu eta astelehen gauetan batutako jendetza nabarmendu dute Oletako Jai Batzordeko kideek.
Tortilla txapelketagaz murgildu ziren jaietan amorotarrak zapatuan, eta Egan taldearen erromeriagaz agurtu zituzten Oletako Pazko jaiak astelehen gauean.Aurretik, arratsaldean, Bat, Bi, Hiru Festa animazio taldearenpuzgarri, erraldoi eta jolasetan primeran pasatu zuten umeek.
Mexikar Eguna izan zuten herenegun, Xabier Saldias Egan-eko abeslariaren Oletako azken kontzertua izanik, haren Mexiko Mexiko kanta ezaguna aitzakia hartuta. Mozorroak eta osagarriak soinean, jendetza batu zen.
Halaber, zapatu gauean ere jendez lepo zegoen plaza. Kuadrillek zortzi tortilla aurkeztu zituzten, eta jai batzordeko kideek adierazi dutenez, oso giro ederra izan zuten, bai tortillak prestatzen bai eta gaueko kontzertuetan ere: «Jendetza izugarria batu zen gaueko kontzertuetan».
Euskal Herriko hiru talde ezagunek jo zuten Amoroton. Lehenik Sustrajah Band talde lekeitiarraren reggae doinuek dantzan jarri zuten plaza. Ostean, Ze esatek talde donostiarraren kanta itsaskorrekin gorputzak astindu zituzten bertaratutakoek. Amaitzeko, Akerbeltz talde bilbotarrak girotu zuen plaza.
Domeka eguerdian Oletako zelaian elkartu ziren herritarrak. Meza entzun ostean, herriko Arta Nagusi dantza taldearen emanaldiaz gozatu zuten.
Arratsaldean, Mendexako, Berriatuko eta Mendaroko neska-mutilen arteko dema jende askok jarraitu zuen. Mendaroarrak izan ziren txapeldunak; berriatuarrak bigarren geratu ziren, eta mendexarrak hirugarren.
Proben ondoren, Bainuetxe bateko asteburuko egonaldia, urdaiazpikoa eta Kriantza ardo kaxa zozkatu zituzten. Hurrengoak izan ziren zenbaki saridunak: 2220/1480/2219.
Jai batzordeak jakitera eman duenez, bi astez gordeko dituzte zenbaki horiek; eta zenbaki saridunak agertu ezean zenbaki ordezkoak hurrengoak izango lirateke: 0627/1457/1668.