Arretxinagako ermitaren zaindariari, esker onez
Arretxinagako ermita zaintzen egin dituen urte guztiak aitortu nahi izan dizkio Markina-Xemeingo Udalak Padarra baserriko Josefa Garateri. Oroigarri bat oparitu dio Turismo Mahaiak, esker onez.Beti txukun, garbi eta sasoian sasoiko lore dotoreekin apai...
Arretxinagako ermita zaintzen egin dituen urte guztiak aitortu nahi izan dizkio Markina-Xemeingo Udalak Padarra baserriko Josefa Garateri. Oroigarri bat oparitu dio Turismo Mahaiak, esker onez.
Beti txukun, garbi eta sasoian sasoiko lore dotoreekin apainduta aurkitzen dute bisitariek Arretxinagako San Migel ermita. «Etxeko ohiturari jarraituta, egin behar ez duenik ere pentsatu barik» zaintzen du, aspalditik, Josefa Garatek, euren etxeko beste txoko bat balitz bezala, mimo guztiagaz. 25 urte zituela hartu zuen Padarra baserrian belaunaldiz belaunaldi igaro den ardura, bertako Juan Ugartetxeagaz ezkondu zenean. Izan ere, Josefa Garate Urberuagako Askurriña Beheko baserrikoa da. 1927an jaio zen, eta 64 urte daramatza Padarra baserrian.Ermita baserri ondoan egonda zaindu eta aldi berean ezagutzera ere ematen dute Padarrakoek. Donejakue bidea egiten dabiltzan erromesak bertatik heltzen dira Markina-Xemeinera, eta hiru haitz handi gordetzen dituen ermita ikusgarria ezagutzera gonbidatzen dituzte. «Eliza bat dela eta aurrera egiten dute askok, baina ikusi eta gero mirestuta gelditzen dira, eta ikustera animatu izana eskertzen digute».
Lehen ez zela horrenbeste jende etortzen oroitzen du Josefa Garatek. «Azken urteetan dator jende gehien». Gainera, gaur egun, bisita gidatuak ere egoten dira ermitara. «Talde handien txangoak, batez ere San Juan bueltan», dio.
Ermitako giltzak «akorduan duenetik» gordetzen dituzte etxean, beraz, eurak dira bai eta ere, ermita zabaltzeko eta zarratzeko ardura daukatenak. «09:00etatik 20:00etara zabalik egoten da. Orain beranduago ixten dugu, ilunabarrean, Donejakue bidea egiten dabiltzan erromes batzuk berandu ibiltzen dira eta».
San Migeletarako oraindik ere dotoreago apaintzen dute ermita, «etxaldean daukagun lore ederrenekin» eta maindireak ere jartzen dituzte altarean.
Josefa Garate Padarranera heldu zenetik aldaketa asko egon dira Arretxinagan: Xemeingo udaletxea eta eskola itxi ziren, bai eta Angel Aldazabal Arretxina-ren aroztegia ere. Hala ere, urte guzti hauetan aldatu ez denik badago: Josefa Garatek Arretxinagako San Migel ermitari eskainitako ardura. Urte askotako borondate on hori guztiori eskertu nahi izan dio orain, udalak, herritar guztien izenean. Hori dela eta, oroigarri bat oparitu diote «Arretxinagako serorari» egindako lana aitortzeko.