Herri galdeketak egingo dituzte 2017an Lea-Artibaiko sei herritan
Aulestin, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan eta Ondarroan egingo dira herri galdeketak. Denen artean erabakitzeko ituna adostu behar da lehenengoAulesti, Etxebarria, Markina-Xemein, Mendexa, Lekeitio eta Ondarroa. Horiek dira 2017ko ud...
Aulestin, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan eta Ondarroan egingo dira herri galdeketak. Denen artean erabakitzeko ituna adostu behar da lehenengo
Aulesti, Etxebarria, Markina-Xemein, Mendexa, Lekeitio eta Ondarroa. Horiek dira 2017ko udaberrian herri galdeketak egingo dituzten Lea-Artibaiko herriak. Eta baieztatuta dago. Izan ere, aurretik ere zurrumurruak egon badira ere, ez zegoen ezer zehaztuta. Orain, Lea-Artibaiko Gure Esku Dagok sei herri horiek datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauzatuko dutela esan du.Helmugara ailegatu aurretik, baina, taldeak lau geltoki ipini ditu mahai gainean: aztertu, proposatu, adostu eta erabaki. «Lehenengo geltokira ailegatu gara. Orain, Lea-Artibai osora erronka botatzen dugu: herritarren babesarekin, denon artean erabakitzeko ituna adostea».
Ispasterren atzetik, orain erabakitze eskubidea gauzatzea besteei dagokiela diote. «Ispasterren lortu dute, eta orain Lea-Artibai eskualdeko gainerako herrioi tokatzen zaigu lekukoa hartzea eta bide horri jarraipena ematea». Gainera, galdeketak egingo dituzten herrietako herritarrei eta eskualdeko gainontzeko beste herritarrei elkarlanerako deia egin nahi izan die Lea-Artibaiko Gure Esku Dagok.
Modu naturalean
Ispasterrek, esaterako, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik egikaritzerako urratsa eman eta galdeketa «modu naturalean» egin izana azpimarratu du taldeak. «Herritarrak ahaldundu duten eredu bat sortu dute. Herritarron borondatea modu demokratikoan gauzatzeko tresna jarri digute eskura». Izan ere, taldeko kideen ustez, prozesua bera gauzatzean dago giltza. «Erabakia ireki egin behar da, ezberdinen artean, eta elkarlanean».
Beraz, eta prozesuak zilegitasuna izateko, iritzi kontrajarriak dituztenak eta desberdin pentsatzen dutenak parte hartu behar dutela diote. «Galdera edozein izanda ere, aldekoen eta kontrakoen, ezezkoen eta baiezkoen parte hartzean dago gakoa. Jarrera kontua da».
Galdeketa iritzi ezberdinen eta elkarrekiko errespetuzko jarrerarekin demokraziak daukan balioetan sakontzeko balioko duen topaleku moduan planteatu nahi dute. «Badakigu ibilbidea ez dela erraza izango, gogor lan egin beharko dugula. Baina ziur gaude, Ispasterren gertatu modura botatako izerdiak mereziko duela».