31 abeltzainen animaliak ikusgai, ganadu azokan
Giro onean ospatu zen zapatuan Etxebarriko Ganadu Azoka. Denetara Etxebarriko 31 ganaduzaleen animaliak egon ziren ikusgai erakusketako soka luzean lotuta.Beste batzuen artean, ondoko baserrietako animaliak egon ziren: Iramategi, Andika, Aretxuluaga, S...
Beste batzuen artean, ondoko baserrietako animaliak egon ziren: Iramategi, Andika, Aretxuluaga, Satzibar, Bedeinkun, Gandixa-Errota, Arentza, Urbitxe, Antxi, Ugarteburu, Ezkutasulo, Beide, Adorrixa, Azarlotza, Bentazarra eta Ibarluze. Halaber, Ibaun-erdiko eta Altzibar auzoko ardi eta ahuntz taldeak, behi, idi eta txahalak, zaldiak eta behorrak, astoak, poniak eta euskal oilo, hegazti eta untxiak ere atera zituzten Galartza industriguneko azokara. Etxebarrian dagoen eskaintza zabala miretsi eta salerosketarako aukera ere eman zuen beste urte batez azokak; tratuan ibili ziren ganadu jabe batzuk, saldu eta erosi.
Animalia «ederrak eta kalitate handikoak» zirela nabarmendu zuten goizean azokara joan ziren Etxebarriko zein inguruetako herrietako ikusleek. Bestalde, poniek eta hegazti eta untxiek erakarri zuten umeen arreta, batez ere.
Bertoko produktuak
Animalien erakusketagaz gain, bertoko ekoizleen produktuak erosteko aukera ere egon zen. Ogien eta pastelen postu bi, gazta eta jogurten mahaia, kontserben postu bat eta likoreak eta artisautzako produktuak egon ziren, besteak beste, azokan.
Urtero modura, arrakasta handia eduki zuen bai eta ere, pabilioi batean Etxebarriko Udalak jarritako tabernak. Barruko partean zein kanpoko mahaietan batu zen jendea zer edo zer hartzeko.