Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzako musika tailerretan parte hartu duten zortzi egoiliarrek, ikasturte amaierako kontzertua eskaini dute. Gainontzeko egoiliarrei eta egoitzako langileei, tailerretan ikasitakoa erakutsi die. Kantu egin dute, mugimenduak egin dituzte eta instrumentu txikiak ere jo dituzte ikasturte amaierako kontzertuan.
Egoiliarrak kontzertuan, Zaharren egoitzan
Zortzi asteko musika tailerra izan da. Astean behin batzen ziren, ordu bateko saioa egiteko. Bermeoko Udalaren Zaharren Egoitzak eta Musika Eskolak elkarlanean egindako programa izan da, eta bigarrenez egin du aurten.
Pertsona nagusientzako onurak dituen programa dela azaldu dute: “Integrazioa lantzen dute, komunitatearekiko lotura mantentzen dute, autoestimua hobetzen du, maila kognitiboa sendotzen du eta belaunaldien arteko lotura sendotzen du”.
Esti Arrizabalaga udal musika eskolako zuzendariaren esanetan, “parte hartzaileek gogoa, arreta eta ilusioa erakutsi dute, eta esperientzia berriak partekatzeko aukera paregabea izan dugu bai ikasle zein irakasleek”.