Jaurlaritzak ez ditu diruz lagunduko Kamiñaldeko lanak, eskumen ezagatik
Zunbeltz Bedialauneta alkateak esan du ez zutela espero Jaurlaritzaren erantzun hori: «Erakundeen babes handiagoa espero genuen». Unai Rementeriagaz bilera eskatuko dute gaurEusko Jaurlaritzak Kamiñaldeko lanak ez dituela diruz lagunduko esan zien a...
Zunbeltz Bedialauneta alkateak esan du ez zutela espero Jaurlaritzaren erantzun hori: «Erakundeen babes handiagoa espero genuen». Unai Rementeriagaz bilera eskatuko dute gaur
Eusko Jaurlaritzak Kamiñaldeko lanak ez dituela diruz lagunduko esan zien atzo Ondarroako Udal ordezkariei. «Ez da gure eskumena». Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak Jaurlaritzaren erantzuna ez zutela espero eta «desilusionatuta» bueltatu zirela esan du.«Jaurlaritzagaz izandako bileratik proposamen bategaz bueltatuko ginela espero genuen, eta ez da horrela izan. Orokorrean, erakunde guztiengandik babes handiagoa jasotzea espero genuen», gaineratu du Bedialaunetak. Dena dela, finantziazioa lortzeko «ahalegin guztiak» egiten jarraituko dutela gaineratu du.
Jaurlaritzak, bestalde, orain arte egin modura Bizkaiko Foru Aldundiagaz harremanetan jartzeko esan eta eurek Alokabideren bitartez eta lehen beharrizanetarako diru laguntzekin laguntza eskaintzen jarraituko duela baieztatu die.
Udal ordezkarien kezka
Atzoko bileran ondokoekin bildu ziren atzo Ondarroako Udal ordezkariak: Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuagaz, Almudena Ruiz de Angulo Ingurumena eta Lurralde Politika eta Garraio Azpiegituren zuzendariagaz eta Irune Berasaluze Alokabideren ordezkariagaz.
Halaber, Jaurlaritzaren jarrera ikusita, kezkatuta agertu da Bedialauneta. «Gure kezka da aldundiak ematen duen diru laguntza nahikoa ez izatea; orain arte eman diguna motz geratzen da». Beraz, hurrengo pausoa aldundiagaz berriro ere batzartzea izango dela aurreratu du. «Unai Rementeria ahaldun nagusiagaz eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuagaz bilera egiteko eskaera egingo dugu gaur. Espero dugu bide berriak irekitzea».
Gestoraren deialdia
Beste alde batetik, zapatuan Saiñazio mendi azpixan gestorak agerraldia egingo du, 11:00etan. Eta beste behin ere herritar guztiei gorriz jantzita joateko deia egin diete. «Besteak beste, elkarretaratzea egingo dugu gure etxebizitzetatik kanpo egoten jarraitzen dugulako».