Bermeon egingo dute aurten Busturialdeko dantzari txikien eguna. Domekan ospatuko dute jaia, eta, guztira, Busturialdeko zein Bakioko 500 dantzari bilduko dira kostako herrian.
Goizeko 11:30ean batuko dira ume denak, Taraskan. Alkartasuna dantza taldea arduratuko da aurten antolaketarekin, eta, taldeko kidea den Gaizka San Pedrok azaldu duenez, 4 urtetik 13 urtera arteko ume eta gazteek parte hartuko dute domekako ekitaldian. Guztira, 12 talde bilduko dira.
Dantzari txikiak
Hamaiketakoa jango dute lehenengo, eta kalejiran joango dira Lamerara, 12:30ean. Dantza saioari 13:00etan emango diote hasiera. Eguraldia lagun izatea espero du Alkartasunako kideak; hala ere, euria eginez gero, Lameran beharrean, dantza saioa Artza frontoian egingo dutela jakinarazi du San Pedrok.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarrao zein Ipar?Euskal Herriko dantzak izango dira domekan umeek dantzatuko dituztenak.?Saioa bederatzi zatitan banatuko dutela esan du San Pedrok. Guztira, ordu eta erdiko dantza saioa izango da umeek eskainiko dutena.
Azaroan nagusiena
Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak2008. urtean antolatu zuen azkenengoz Busturialdeko dantzari eguna. Lan handia dela aitortu du Gaizka San Pedrok; hala ere, gainontzeko dantza taldeen laguntza ere izaten dute urtean zehar. Aurten, gainera, 40. urteurrena du Alkartasunak, eta dantza taldearentzat data berezia ere bada. Azaroan egingo dute Busturialdeko dantzari nagusien eguna, eta horretarako ere gogotsu dira bermeotarrak.
Urteurrena ospatzeko, bestalde, ekitaldi berezia egingo dute uztailaren 16an, dantzari eta musikari ohiekin batera.
Irailaren 24an, aldiz, urteurren festa nagusia ospatuko du dantza taldeak.
Dantzari txikien egunean parte hartuko duten taldeak:
Itxas -Alde. Bakio.
Gazte-Zar eta Egunsenti. Mundaka.
Irrintzi Alai. Busturia.
Urdaibai. Forua.
Elai-Alai. Gernika-Lumo.
Artxube. Ajangiz.
Lorea. Ibarrangelu.
Basotxoritxu. Ibarruri (Muxika).
Artie. Gautegiz Arteaga.
Kabelinatxe. Nabarniz/Ereño.
Alkartasuna. Bermeo.