Gernikako udaletxeko banderak kendu dituzte ezezagunek goizaldean
Hain zuzen, Europako eta Espainiako banderak kendu dituzte, HITZAk jakin ahal izan duenez. “Minduta” daudelako kendu dute Espainiako bandera; minduta, bandera hori bonbardaketaren urteurrenean jarri zutelako,”bandera horri men egiten ziotenek bonbardatu gintuztelako”, esan dutenez.
Izenik ez dute eman nahi, eta kontziente dira bandera horiek berriro ipiniko dituztela. Hala ere, ekintza horrek helburu bat baduela esan dute: inposizioekin amaitzea. “Goazen Madrilera, bandera horiek berriro ez jartzeko baldintzak sortzera”. Herritarren eta herrien erabakitzeko ahalmena aldarrikatu dute. Eta Europako bandera kendu izana ere kontestu horretan kokatu dute: “Gaur egungo Europarekin ez dugu bat egiten; are gutxiago, errefuxiatuekiko daraman politika horrekin”. Hori dela eta, udaletxeko balkoiko mastiletatik “Ongi etorri errefuxiatuak” zioen bandera utzi dute zintzilikatuta.