Emakumeak kalean korrika egiteko taldea sortu asmoz, joan den maiatzeko hileko kirol ekimena horretara bideratu zuten.
Andrak korrika? Bai, zergatik ez? Ahal da eta ahal dozu izena jarri zioten ekimenari, eta maiatzaren 14an,
30 emakumek bat egin zuten deialdiagaz. Hartara, helburua bete dute eta talde bat sortzea lortu dute. Taraska Gazte Zahar taldeko kide Ana Uriarte da ekimenaren bultzatzaileetako bat, eta harek azaldutakoaren arabera, “aste batzuk igaro ondoren, 48 neska ari dira korrika egiten”. Taldea zabalik dago, gainera, gura duenarentzat.
Maiatzaren 14an batutako taldea. Argazkia: Bermeoko Udala
“Oso pozik” dago Uriarte taldea sortu delako: “Orain dela gutxira arte gizonekin ibiltzen nintzen korrika, eta denbora asko daramat ideiarekin buruan. Herriko beste bi neskagaz batu eta ekimena martxan jartzea erabaki genuen”.
Azaldu duenez,
astean lautan batzen dira; “bakoitzak ahal duen egunean egiten du korrika, eta hamabost lagun inguruko taldea ibiltzen gara”.
Martitzenetan, eguaztenetan eta eguenetan 20:30ean jartzen dute korrika egiteko ordua;
zapatuetan, berriz,
09:00etan. San Martinen batzen direla azaldu du Uriartek. Whatssap talde bat ere sortu dutela adierazi du korrika egiteko hitzorduak jartzeko. Neskak “gogotsu” daudela azaldu du.
25-35 minutu inguruko saioak egiten dituztela dio, eta
maila guztietarako lekua dagoela aipatu du. Taldea irekia da, “eta nahiz eta 30 urtetik gorako andreei dei egiten diegun, gazteagoentzako ere lekua badago”.
Kirol ohiturak ez dituzten emakumeei
hasierako bidean laguntza eman nahi zaie ekimen honen bitartez. Beraz, herriko emakume guztiak korrika egitera animatzen dituzte. Gura duenak Araneko Kiroldegian eman dezake izena, edo bestela, jarritako hitzorduetara agertzea baino ez daukate.