Bermeoko zenbait etxebizitzetan lapurtzeagatik gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak
Ertzaintzak 40 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon, Bermeoko zenbait etxebizitzetan lapurtzeagatik, besteren artean.
Astelehen gauean eta martitzen goizaldean Bermeoko lau etxebizitzetan lapurtzen saiatu zen atxilotua, eta lauretan bizilagunak zeuden barruan. Saiakera bitan, etxebizitzetara sartu aurretik atzeman zuten gizona. Horietako batean balkoian zegoen; bestean, leihoa manipulatzen. Hala, bietan ihes egin zuen atxilotuak.
Beste bi etxebizitzetan, ostera, barrura sartzea lortu zuen fatxadetatikk igota. Hala ere, horietako batetik bakarrik lortu zuen poltsa bat eroatea. Etzebizitzetako bizilagunak ohartzerakoan, sarrera atetik alde egitea lortu zuen bi horietan.
Lapurreten berri izan ostean, Gernika-Lumoko ertzain-etxetik ikerketa abiarazi zuten. Herritarrek emandako azalpenei esker, Ertzaintzak Bilbon atxilotu zuen atzo goizean 40 urteko gizonezkoa. Bilboko denda bateko kutxa irarlea manipulatzen zebilen. Identifikatu ostean, Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen. Atxilotuak Bermeoko etxebizitzan lapurtutako diru zorroa zeraman; biktimaren dokumentazioagaz, kreditu txartelekin eta aurrezki libreta bategaz.
Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, atxilotuak polizia aurrekariak ditu, eta epailearen agindu bat ere bazegoen gizonezko hori atxilotzeko. Atzo arratsaldean utzi zuen Ertzaintzak atxilotua, epailearen esku.