Bermeoko Udalak eta herriko hainbat elkartek,
Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetako lore lehiaketa antolatu dute.
Alde Zaharra koloreztatu gura dute, eta
bizitasuna eman, “Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko eta guztiok berarekin gozatzeko”, esan du Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotzi Irune Ormaetxeak.
Udaleko era elkarteerako ordezkariak, gaurko aurkezpenean
Ekainaren 11tik 28ra bitartean izango da lehiaketa, eta
hiru maila egongo dira:
balkoiak, leihoak eta fatxadak. Fatxaden kategorian parte hartzen dutenek, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartu beharko dute.
Fatxadarik ederrenak 300 euroko saria jasoko du. Etxebizitza bakoitzeko arduradunak, bestalde,
Aita Guria baleontzirako bi lagunentzako pase berezia jasoko du; 2016an, nahi beste aldiz sartu ahalko dute.
Leihorik ederrenak Alde Zaharreko tabernetan kontsumitzeko bono berezia eta
Aita Guria baleontzirako pase berezia jasoko ditu. Azkenik,
balkoirik ederrenak Berton elkarteko dendetan gastatzeko 150 euro eta
Aita Guria baleontzirako pase berezia jasoko ditu.
Berualako zuzendari Santi Muruak azaldu duenez, “udalean arlo ezberdinetako langilez osatutako lantalde bat ari da Alde Zaharra indartzeko eta biziberritzeko lanean, eta gunearen egoera aztertzeko diagnostikoa egin izan da. Horretatik atera dira Bermeorentzat hain garrantzitsua den Alde Zaharra indarberritzeko ideia eta proposamen ezberdinak, eta horietako bat da elkarte ezberdinekin elkarlanean martxan jarri den lore lehiaketa”.
Alde Zaharreko
auzokideei parte hartzeko deia egiten die: “Loreek ematen duten koloreekin eta bizitasunarekin edertu gura baitugu Alde Zaharra”.
Azoka zapatuan
Lehiaketari hasiera emateko, zapatuan,
lore erakusketa eta azoka egingo dute
11:00etatik 15:00etara, Goiko Plazan. Bermeoko loradendak parte hartuko dute horretan, eta bertaratzen direnek lorak ikusteko eta erosteko aukera izango dute, “Alde Zaharrean giro polita sortuz”. Lore lehiaketan parte hartu gura duten horiek, azokan izango dute izena emateko aukera. Hala ere, ekainaren 27ra arte eman daiteke izena Berualan.
Epaimahaia ekainaren 28an joango da lehiaketako parte hartzaileen lanak ikustera. Diotenez, “bizitasuna, edertasuna eta osotasuna” kontuan hartuko dituzte erabakia hartzerako orduan. Ondoren,
ekainaren 29an, San Pedro egunean, egingo dute
sari banaketa ekitaldia, 12:00etan, Goiko Plazan.
Pintxopote berezia
Barikuan, giroa berotzen hasteko, Alde Zaharreko tabernen
pintxopotea lorez jantziko da. Bezeroen artean, lore sorta ezberdinak zozkatuko dituztela adierazi dute, eta tabernak lorez jantziko dituzte. Berton elkarteko Alde Zaharreko dendak ere loreekin apainduko dituztela jakinarazi dute, “guztion artean Alde Zaharra edertzeko”.
Honakoak dira udalagaz batera ekimenean parte hartu duten elkarteak: Alde Zaharra Bizirik, Alde Zaharreko ostalarien elkartea, Haitz Nagusije, Berton eta Bermeoko loradendak (Aintzane, Lourdes, Mila eta Txalintxu).