
Udalerriko auzoetan barrena 280 herritar inguruk egin zituzten domekako ibilaldiak. Martxa luzea 22 kilometrokoa izan zen, eta laburra 8 kilometrokoa. Azken horretan ume eta nagusi artean, 80 bat herritar batu ziren, familian ibilbidea egiten.
Besteak beste, partaideak Armendu (384 m) eta Atxarre (312) mendietatik pasatu ziren.
Azken urteetako ohiturari eutsiz, Gorpuzti jaiei amaiera emateko hankak luzatu eta izerdi apur bat botatzea tokatu zitzaien. “Giro oso ona eduki genuen. Ibiltzeko eguraldi ederra izan zen, goizean fresko egin arren, eguerdirako eguzkia berotzen hasi zen”.
Zapatuan paella txapelketa eta pilota partidak
Bestalde, zapatu arratsaldean, pilota eta pala partidez gozatzeko aukera eduki zuten Ibaeta auzoko frontoira bertaratu zirenek.

Lehenengo, umeen esku-pilota eta pala partidak jokatu zituzten. Ibarrangeluko, Eako, Elantxobeko eta Gautegiz-Arteagako umeek haien abilezia erakutsi zuten.

Ostean, Lehen mailako afizionatuen mailan, Mikel Goñi eta Uriondo bikotea Uriona eta Larrinagaren kontra aritu ziren nor baino nor gehiago. Azken bikote hori 22-20 nagusitu zen.
Batik bat Lehen mailako afizionatuen lehia ikusteko gogoz jendetza batu zen frontoian, eta txalo eta animo oihu artean giro ederra sortu zuten pilota zaleek.
Zapatuan egun pasa ederra egiteko aukera izan zuten Ibarrangeluko zein inguruko bizilagunek. Izan ere, goizean paella txapelketan elkartu ziren senide eta lagun artean.
16 kuadrillak eman zuten izena goizean, baina, bi talde denboraz kanpo ibili ziren, eta azkenean 14 paella aurkeztu zituzten. Guztien artean gozoena, Ibiña taldeko paella zela erabaki zuten epaimahaikideek.