Beste urte batez, Txistu Alardeak musikarekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du
zapatuan, Bermeoko Artza frontoian, 20:00etatik aurrera. Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatzen duen Txistu Alardearen
hamabosgarren aldia da eta
60 musikari eta dantzari ingururuk parte hartuko dute. Aurtengo
gonbidatua Ana Tere Bengoetxea abeslari bermeotarra izango da. Euskal Herrian ezaguna da Bengoetxea marrazki bizidunei ahotsa jartzeagatik.

Arrizabalaga, Astui eta Ibarretxe Txistu Alardea aurkezten
Alarde formatuan,
Bengoetxearen hiru obra sartu dituzte errepertorioan:
Oskorrian ene zeruan,
Que tinguem sort eta
Txosnetako kanta. Inma Anasagastik pianoan lagunduko dio Bengoetxeari.
Aurtengo Txistu Alardean, gainera,
Bermeoko Erraldoien Konpartsak parte hartuko du; izan ere, aurten, Mari, Lorentzo, Josefin eta Anton
erraldoiek 10 urte betetzen dituzte.
Urtero legez,
hainbat taldek parte hartuko dute zapatuko Txistu Alardean: Udalaren Musika Eskolako txistulariak, koroak eta musikariak, Bizkaiko Musika Eskolako txistulariak eta Kankinkabara txistu taldea, Metal boskotea, txalapartariak eta irrintzilariak. Musikariez gain, dantzarien parte hartzea ere egongo da; Alkartasuna Dantza Taldeko eta Javier Setienen dantza eskolako dantzariak egongo dira.
Estreinaldi ugari
Urtero, berritasunak sartzen saiatzen dira Txistu Alardeko errepertorioan, eta aurten ere egongo direla azaldu du Iban Ibarretxe alardeko zuzendariak. Hala, Kankinkabara txistu taldeko
Jon Ibarrak Bermeoko Arraun Elkarteari egindako
Aupa Bermeo Arraun biribilketaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek. Melodiak hitza ere badu, eta hori lehen aldiz abestuko dute musika eskolako koruko kantariek. Bestalde, Kankinkabara txistu taldeko
Asier Ormazak popourri bat eskainiko du, albokagaz eta txalapartagaz lagunduta. Ibarretxek azaldutakoaren arabera, “
arrantzaleei omenaldi bat egin gura die Ormazak popourri horren bitartez”.
Urtero, gainera,
Bermeoko kantu zaharrak sartzen saiatzen dira eta aurten ere ez dira faltako. Pasadizo bitxiak kontatzen dituzten bi obra berezi joko dituzte aurtengo Txistu Alardean:
La Pobre Juanita eta
Las mozas de Bermeo. Obra horiek Olatz Telletxea musika eskolako ikasle bermeotarrak abestuko dituela azaldu du Musika Eskolako zuzendari Esti Arrizabalagak.
Jose Francoren bi abesti ere joko dituzte zapatuan.
La oracion en el mar abestiagaz hasiko dute, hain zuzen ere, aurtengo Txistu Alardea. Tartean, testu bat irakurriko du Kankinkabara txistu taldeko Miren Aizpuruk: “Frantzian euskaraz idatzita agertu diren testuen aukeraketa bat da irakurriko duena. Hunkigarria izango da”, adierazi dute antolatzaileek. Saxofoiagaz lagunduta, berriz, Francoren
Camino de Rosas abestia ere joko dute.
Jose Antonio Egiak ere lekua edukiko du alardean. Haren tango bat txistu formatura moldatu dute zapaturako.
Arrizabalagak azaldu duenez, Txistu Alardearen helburuetako bat “herriko kantak berreskuratzea, erakustea eta plazaratzea da. Hau da, galtzear dagoen herriko ondare musikala berreskuratzea”. Jakinarazi dutenez, “ilusio eta gogo handiz buru-belarri jarrita” prestatu du musika eskolak zapatuan taularatuko den herri doinuekin osatutako egitaraua. Izan ere, “gure kultura landuz eta zabalduz, herritar guztiak kulturaren parte eta jabe izatea” lortu gura dute, eta horretan dihardute musika eskolan.