Sabin Foruria Memoriala lehiatuko da etzi, Markina-Xemeinen
26. Sabin Foruria Memoriala txirrindulari lasterketa lehiatuko da domekan, Lea-Artibaiko errepideetan zehar. 104 kilometroko ibilbidea egin beharko dute 23 urtez azpiko txirrindulariek Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak urtero antolatzen duen las...
16:00etan izango da irteera neutralizatua Markina-Xemeingo udaletxe aurrean, eta saihesbidean emango diote denboraz neurtutako irteera lasterketari. Helmuga herri barruan egongo da, Aldaola kalean.
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartekoek azaldu dutenez, ibilbidean ez da aldaketarik egongo. Beraz, Markina-Xemeindik irten, eta Berriatua, Ondarroa, Mendexa, Lekeitio, Amoroto eta Milloin zehar berriz ere Markina-Xemeinerako bidea egingo dute lehenengo txirrindulariek. Beste bi buelta, berriz, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Berriatua eta Markina-Xemein artean egingo dituzte. Ibilbideko puntu gogorrenak, eta, beraz, kontuan hartu beharrekoak Milloi eta Lekoiz gainak izango dira.
Lasterketa amaitu eta berehala emango dituzte sariak udaletxe aurrean jarriko duten podiumean. Urtero modura, lehenengo hiru txirrindulariek, talderik onenak eta Lea-Artibaiko lehen txirrindulariak izango dute saria.
Puntuagarria
26. Sabin Foruria Memoriala Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango da, eta Lehendakariko garaipena bereganatu nahian dabiltzan talde asko Markina-Xemeingo irteeran egongo dira: Fundacion Euskadi-EDP, Baque-Campos Team, Caja Rural, Seguros Bilbao, Lizarte, Infisport eta Zalla, beste batzuen artean.