Ontziolaren jarduera berria beste leku batera eroaten saiatuko dira
Astillero toxiko ez herri plataformak aurkeztutako mozioa aho batez onartu dute osoko bilkuran. Portuko Plan Berezia berrikustea eskatuko diote Eusko JaurlaritzariBermeoko udalbatza osatzen duten alderdi guztiek ez dute begi onez ikusten Bermeoko ontzi...
Astillero toxiko ez herri plataformak aurkeztutako mozioa aho batez onartu dute osoko bilkuran. Portuko Plan Berezia berrikustea eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari
Bermeoko udalbatza osatzen duten alderdi guztiek ez dute begi onez ikusten Bermeoko ontziolak eskatu duen jarduera berria Artza kaian jartzea; izan ere, beira zuntza eta plastikoa erabili gura dituzte ontziak egiteko. Hala, ontziolaren jarduera berri hori beste leku batera mugitzen saiatzeko konpromisoa hartu du udalak.Astillero toxiko ez herri plataformak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten azken osoko bilkuran. Udalarena da jarduera lizentzia emateko eskumena. Modu horretan, onartu duten mozioaren bitartez, jarduera hori beste leku batean kokatzeko ahalegin guztiak egitera konprometitzen da udala, «bere eskura dauzkan baliabide guztiak erabilita».
Ildo horretan, Artza kaian kokatuta dagoen ontziola Bermeoko porturako beharrezko azpiegitura bat bada, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote Portuko Plan Berezia berrikus dezan. Gainera, beharrizan ezberdinak aztertzeko, parte hartze prozesu bat zabaltzea eskatzen diote, herritarren parte hartzerik zabalenagaz inguru horren etorkizuneko berrantolaketa zehazteko. Era berean, Jaurlaritzari eskatuko diote esleipen administratiboen inguruko informazioa argitzea.
Beste alde batetik, jarduera lizentzia emateko prozesua kautelaz geldiarazteko konpromisoa ere hartu dute, legeak ematen dituen aukera guztiak aztertuz.
Batzarra apirilean
Bermeoko Udalak, baina, argi utzi gura izan du jarduera horri buruzko orain arteko txosten guztiak «positiboak» direla. Jakinarazi dutenez, iaztik dabiltza Eusko Jaurlaritzari eskatzen Portuko Plan Bereziaren aldaketa aztertzeko. Alderdi guztiek hala adostu zuten iazko iraileko udalbatzarrean.
Herritarren kezkak argitzeko, gainera, Jaurlaritzagaz batzarra eduki zuten. Urtarrilean eskatu bazuten ere, apirilaren 12an batu ziren, eta herritarrak eta Bermeoko Udaleko ordezkariak batu ziren Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Diotenez, batzar horretan argi geratu zen «jarduera berri hori saihesteko modu bakarra lekuz aldatzea dela, eta, horretarako, Portuko Plan Berezia aldatu beharra dagoela».
Prozesu horrek, baina, «denbora» behar du; «bitartean, legearen barruan jarduera berria geldiarazteko aukerarik dagoen aztertuko da». Dena den, orain arte bai Jaurlaritzan zein zerbitzu juridikoetan egindako kontsultetan zera erantzun diote udalari: «Legearen barruan dagoen jarduera bati oztopoak jartzea ez legezkoa izango litzatekeela».