Gernika-Lumoko ikasleek bertso topaketak egingo dituzte datorren asteko martitzenean, ekainak 7, 10:30ean, Lizeo Antzokian.Gu ere bertsotan proiektuaren barruan, hainbat herritan ari dira bertso saio horiek antolatzen, eta oraingoan Gernika-Lumoko ikas...
Gernika-Lumoko ikasleek
bertso topaketak egingo dituzte datorren asteko martitzenean, ekainak 7, 10:30ean, Lizeo Antzokian.
Gu ere bertsotan proiektuaren barruan, hainbat herritan ari dira bertso saio horiek antolatzen, eta oraingoan Gernika-Lumoko ikasleen txanda izango da.
Aurreko astean,
Bermeon ere egin zuten bertso topaketa, baina oraingo honetan
formatu desberdina izango duela adierazi dute antolatzaileek.
Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Bizkaiko Bertsozale elkarteak antolatuta,
Ander Elortegi eta Eneko Arrate bertsolaritza irakasleen gidaritzapean egingo da saioa. Lorea Zulaika abeslaria ere izango da bertan.
Elortegiren esanetan, formatu ezohikoa izango du, entretenigarriagoa egiteko. «Gernika-Lumon egiten den lehen eskolarteko bertso topaketa horrek formatu berezia izango du, izan ere,
haurrek asmakizunak, antzerkia, ipuina, kantaldia eta jolasak egingo dituzte, saio entretenigarri bat egiteko helburuagaz».
Lizeo antzokiko edukiera bete egingo da, San Fidel, Seber Altube, Allende Salazar eta Mertzede ikastetxeetako 340 bertsolari gazteekin.
Ikasle gehienak LH 6. mailakoak izango dira. Eskolaz kanpo, DBHko ikasleek osatzen duten Bapateko Bertsolari Taldeko partaideak ere izango dira emanaldian. Eta haiekin batera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan lehiatzen ari diren Mikel Retolaza eta Asier Galarza ere ariko dira, gazteenei hamabost minutuko bertso saio bat eskaintzen.
Lehen Hezkuntzako ikasleek eskolako orduetan astean ordu beteko lan saioak egiten dituzte, Euskal Herriko 394 ikastetxetan,
Gu ere bertsotan egitasmoari esker.