Asteburuan Basket Basque Tour 2016 txapelketa jokatuko dute
Basket Basque Tour 2016 txapelketa jokatuko dute asteburuan, eta bertan egongo dira Izaskun Garcia eta Yaiza Lazaro Gernika Bizkaiako jokalariak.Euskal selekzioagaz ariko dira lehian, Jon Txakartegi entrenatzailearen aginduetara. Garciagaz eta Lazaroga...
Euskal selekzioagaz ariko dira lehian, Jon Txakartegi entrenatzailearen aginduetara. Garciagaz eta Lazarogaz batera, Naiara Diez orain arte Gernika Bizkaiako kapitaina izandakoak ere parte hartuko du txapelketan. Diezek momentuz ez du kontratua berritu.
Zornotzan eta Durangon
Gaur hasi eta domekara bitartean, Zornotzan eta Durangon hiruko txapelketa jokatuko dute Euskal selekzioak, Argentinak eta Venezuelak.
Hain zuzen ere, Argentinako selekzioagaz jokatuko dute 2015-2016 denboraldian Gernika Bizkaian aritutako Gisela Vegak eta Victoria Llorentek. Azken horrek hurrengo bi denboraldietan talde gernikarrean jokatzeko kontratua dauka.
Vega eta Llorentegaz batera, jokalari indartsu asko ditu Argentinako selekzioak. Besteak beste, Emakumezkoen Ligan Zaragozako taldean jokatutako Melisa Gretter eta Macarena Rosset eskolta edota Andrea Boquete hegaleko jokalari argentinarrak dira selekzioko izarrak.
Halaber, Venezuelak ere talde sendoa dauka, eta horren adierazgarri da Hego Amerikako txapelketan azpitxapeldun geratu izana. Txapelketa horretan, finala izan ezik (Brasilen kontra galdu zuen) partida guztiak irabazi zituen. Hauek dira Venezuelako selekzioaren jokalari indartsuenak: Waleska Perez joko antolatzailea, Roselis Silva eskolta, Ivaney Marquez hegaleko jokalaria, Ana Roman, Yosimar Corrales eta Daniela Wallen.
Partiden egutegia
Gaur jokatuko du Euskal selekzioak lehenengo partida. Venezuelaren eta Euskal selekzioaren arteko lehia 19:30ean hasiko da, Durangoko Landako kiroldegian.
Bestalde, zapatuko eta domekako neurketak Zornotzako Larrea kiroldegian jokatuko dituzte. Bihar, 17:00etatik aurrera, Argentina eta Venezuela ariko dira nor baino nor gehiago. Domekan, berriz, Argentinak eta Euskal selekzioak jokatuko dute, 12:00etan hasita.