Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Madariaga Dorretxean egin du bilera
II. Ingurumen Kazetaritzaren Sariak banatzeko ekitaldia ere egin zuten atzo, bilera ostean: Jesus Mendez kazetariak jaso zuen sari nagusia, eta hiru accesit ere banatu zituztenUrtero modura, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Eusko Jaurlaritzak...
II. Ingurumen Kazetaritzaren Sariak banatzeko ekitaldia ere egin zuten atzo, bilera ostean: Jesus Mendez kazetariak jaso zuen sari nagusia, eta hiru accesit ere banatu zituzten
Urtero modura, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Busturian batu da. Aipatu eguna domekan bada ere, atzo batzartu ziren Euskadiko Biodibertsitate Zentroan lehendakaria eta sailburuak. Bilerara sartu aurretik, Busturiko alkate Aitor Aretxagak harrera egin zion Iñigo Urkullu lehendakariari.Atzoko Gobernu Kontseiluak Natura 2000 Sarearen baitako Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zituen Arabako Arreo-Caicedo Yusoko lakua, Araban eta Gipuzkoan zati bana duen Aizkorri-Aratz eta Gipuzkoako Aralar. Era berean, Biotopo Babestu izendatu zuten, berriz, Arabako Añanako diapiroa.
Bestalde, hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei 2016-2017 ikasturterako hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko laguntzak onartu zituzten; hain zuzen ere, 11.203.000 euroko laguntza onartu zuten. 2015-2016 ikasturtean hezkuntza-laguntzako 1.294 espezialista ari dira lanean Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ikastetxeetan: 737 ikastetxe publikoetan eta 567 itunpekoetan. Guztira, 3.388 ikasle dituzte ardurapean.
Kazetarien lanei saria
Bilera egin ostean, Ingurumen Kazetaritzaren Sariak banatzeko ekitaldia egin zuten. Sariketaren bigarren urtea da, eta Jesus Mendez kazetariak jaso du sari nagusia, 2015eko urtarrilaren 15ean El Pais egunkarian argitaratutako Poliestireno: Prohibido en Nueva York, permitido en España artikuluagatik.
Era berean, accesit bana hartu zuten Josefina Maestrek, Laura Chaparrok eta Javier Fernandezek. Maestrek 2015eko otsailaren 14an RNEn emandako Reserva natural extra irratsaioagatik hartu du accesita; Chaparrok 2015eko ekainean Muy Interesante aldizkarian argitaratutako Llegan las ecociudades artikuluagatik, eta Fernandezek 2015eko maiatzean Deia-n argitaratutako Un sacrificio para reducir la huella humana sobre el agua artikuluagatik.
Aurten, bederatzi hautagaitza aurkeztu dituzte Ingurumen Kazetaritzaren sarietara.