Formatu aldaketarekin, baina bueltan da Rock n’ Rallya. Kalean barik, Iparragirre Rock Elkartean izango dira aurten kontzertuak, eta egun bakarrean barik,
bi egunetan. Bariku-zapatuan egingo dute aurten Rock n’ Rallya, eta guztira, bost kontzertu dakartza aurtengo kartelak.
Sarkorrek disko berria aurkeztuko du. Argazkia: Oier Elorriaga
«Apustu polita» egin dutela diote Iparragirre Rock Elkarteko kide Asier Aldekogarai eta Txema Sahelicesek. «Herrikoitasun kutsua eman nahi izan diogu aurtengo jaialdiari, eta aurreko urteko formaatutik aldendu gara». Iaz apustu handia egin zutela azaldu dute, eta mota horretako jaialdi bat antolatzeak lan eta inplikazio handia eskatzen duela. Hori dela eta, bestelakoa da 2016rako dakarten proposamena; «horrela, gu ere lasaiago ibiliko gara», diote.
Hala, aurtengo festibala urteko dinamikaren baitan kokatu dute, nolabait: «Inoiz baino kontzertu gehiago eman ditugu aurten aretoan, eta planetamendu horri eustea pentsatu genuen». Era berean, aurtengo Rock n’ Rallya
herrikoiagoa izango dela uste dute antolatzaileek, eta hori dute helburu: «Jaialdiaren helburua hasiera batean zen musika kultura herrira zabaltzea; eta herritik gero, kanpora. Eta ohartu gara urte guzti hauetan herriari bultzada bat eman diogula kultura aldetik».
Bonoak, 15 euroan
Aurtengo musika jaldiak ere hasierako helburu horri heldu nahi dio. «Formatu txikiagoa dakargu, baina erakargarria izan daitekeena, era berean. Kutsu herrikoiagoa du; Valladolidetik (Espainia) datorren Arizona Baby kenduta, beste taldeak ingurukoak dira», azaldu dute.
Horregatik, kanpoko jendea baino, ingurukoak erakartzeko eginiko proposamena da bihar-etzikoa. Bertokoei, gainera,
gauza berriak eskaini gura dizkiete. Arizona Baby taldeak lehenengoz joko du Gernika-Lumon. «Herritarrei gauza berriak eskaintzea da asmoa, probatu dezaten, gustukoa izan ala ez. Rock elkartearen helburua da rock n’ rallyaren bitartez urtean zehar egiten den lana kanpora ateratzea, erakustea eta jendea musikara erakartzea».
Gernika-Lumoko publikoa oso zabala dela uste dute Iparragirre Rock Elkarteko kideek, eta eskaintza berriari erantzun ona emango diola uste dute. Iparragirreko aretoak, gainera, giro berezia sortzen laguntzen duela aipatu dute.
Aforoa, baina, mugatua du aretoak, eta, esan dutenez,
250 sarrera ipini dituzte salgai. Bi egunerako bonak 15 euroan eros daitezke, eta bonoarekin barikuko sarrera doanekoa izango dela aipatu dute.
Hala ere, barikuko kontzertuetarako sarrera gura duenarentzat, 5 euroan salduko dutela jakinarazi dute, egunean bertan, lehiatilan.
Bi egunerako bonoak Gernika-Lumoko Ospa eta Arima tabernetan, Bilboko Power Records-en eta
entradium.com ataria.
Bazkaria zapatuan
Kontzertuak ez ezik, egun osorako gonbidapena dakar Iparragirre Rock Elkarteak zapaturako. Goizean hasi eta egun osoan zehar,
Iparragirre 3 urte zuzenean kartel erakusketa ipiniko dute ikusgai. Areto berrian egindako kontzertuen retrospektiba dela azaldu dute. 11:45ean, aldiz,
The Runaways pelikula proiektatuko dute.
Eguerdian, bazkari herrikoia egingo dute, eta txartelak 10 euroan daude salgai Arima eta Ospa tabernetan. Arratsaldean, poteoa musika karroarekin.
KONTZERTUAK
Barikua
–
22:00. Eratu eta Sarkor.
Zapatua
–
21:30. -Mobydick +The Riff?Truckers + Arizona Baby