Joxe Miel Barandiaran udal liburutegiak antolatzen duen
Bermeo Uria narrazio lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute
barikuan, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Aurtengoa lehiaketaren hamahirugarren aldia da.
Iazko saridunetako batzuk, sari banaketa ekitaldian
Herriko
ikastetxe guztietako ikasleek parte hartzen dute lehiaketan, hau da,
9 urtetik 18 urtera bitarteko ume eta gazteak. Hala, sariak ere kategorietan banatzen dituzte; bost dira, hain zuzen ere: LH2. zikloa, LH3. zikloa, DBH. zikloa, DBH2. zikloa eta Batxilergoa.
Kategoria bakoitzeko irabazle bat egongo da, eta liburuak, Luma liburu dendan gastatzeko txeke bat eta diploma bat jasoko du irabazle bakoitzak.
Bigarren sailkatuak ere izango dira kategoria bakoitzean. Horiek, liburuak eta diploma bana jasoko dituzte. Hala ere,
finalista guztientzako diplomak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. Gainera, iazko irabazleen ipuinekin osatutako liburuxka banatuko diete ikastetxe guztietako umeei.
Arimaktore kultur elkarteak ipuin kontalari saioa eskainiko du, bertaratutako umeek ipuinekin gozatzeko aukera eduki dezaten.