Datorren astean,
ekainaren 6tik 10era bitartean egingo dute Eskola Bidea ekimenaren lehen proba pilotua. Horren berri emateko, Eskola Bidean Eguna ospatu zuten barikuan, Pasealekuan, haurrentzako jolas eta tailerrekin. Informazio puntu bat ere jarri zuten, gurasoek egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak eskuratu zitzaten.

Haurrena izango da kalea, Eskola Bidea egitasmoari esker
(
Ikusi hemen Eskola Bidea Egunaren argazki bilduma eta bideoa)
Hurrengo astean frogatuko dituzte
Santa Luzia, Maloste eta Institututik abiatu, eta eskola guztietatik pasatuko diren ibilbideak. Doazen eskolaren arabera, haurrek ordutegi bat izango dute hasierako puntuan gelditzeko, dagokien orduan heldu daitezen. Gune horietan bi gurasok osatutako bolondres taldeak ere egongo dira, dena ondo doala ziurtatzeko.
Ibilbide bakoitzak geralekuak ere izango ditu puntu jakinetan, haurrak gehitzen joan daitezen. «Adituen arabera, 7-8 urtetik aurrera, umeak gai dira eskolara bakarrik joateko», azaldu du antolakuntzan dabilen Andrea Aipek. Horregatik, hurrengo ikasturteko urrian egingo den hiru asteko bigarren probaren ostean, umeak euren kabuz eta modu naturalean hasiko dira joaten eskolara, gurasoen laguntzarik gabe, «beraiek sortzen dituzten taldetxoetan eta modu osasungarrian».
Haurrak eskolara oinez joatean, gurasoen
500 auto inguru gutxiago mugituko direla kalkulatu dute antolatzaileek. Horrek kaleak seguruagoak bihurtuko dituela gehitu dute.
Bestalde, guraso antolatzaileek ibilbideetan zehar egon daitezken puntu beltzak identifikatu dituzte: txarto dauden zebrabideak, ikusgaitasuna kentzen duten edukiontziak, garajeen irteerak… Segurtasuna bermatzeko, udaltzainen parte hartze zuzena eta ekarpenak ere izan dituztela adierazi du Aipek.