Zapatuan, igoera kanporaketaren bueltako partida 3-2 irabaztea ez zen nahikoa izan, igoera kanporaketaren lehen txanpa gainditzeko. Izan ere, joaneko partidan 3-0 nagusitu zen El Ejido Almeriako (Andaluzia, Espainia) taldea.
Hala ere, lan bikaina eginez, eta azken momentura arte borrokatuz agurtu du denboraldia talde bermeotarrak.
Norgehiagokaren bi zatiak guztiz desberdinak izan ziren. Lehen zatian gol aukera asko izan zituen etxeko taldeak, baina, jokalariek ez zuten atean asmatzerik lortu. Hain zuzen ere, aurkariak baino gol aukera gehiago eduki arren, El Ejidok hartu zuen aurrea markagailuan, eta 0-1-eko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Argazkia: Bermeo Futbol Taldea.
Kanporaketa gainditzea oso gaitza zela bazekiten, bost gol egin behar zituztelako igoera kanporaketa jokatzen segitzeko. Hala ere, Bermeoko jokalariek partidaz gozatu, eta etxeko zaleen aurrean lan txukuna eginez agurtu gura zuten aurtengo denboraldia.
Horrela, Josuek banako berdinketaren gola egitea lortu zuen. Baina, pozak ez zuen askorik iraun, handik gutxira Segurak Ejidoren bigarrena sartu baitzuen. Talde almeriarra ordura arte hirutan heldu zen Bermeoaren eremura eta hirutik bitan gola sartu zuen.
Baina, Itxas Ganeko taldea ez zegoen amore emateko prest, eta azken minutura arte garaipenaren bila aritu zen. Behin eta berriro golaren bila jokatu arren, ez zuen Ejidoren atean asmatzea lortzen.
81. minutuan, Egañak penaltiz sartu zuen binako berdinketaren gola. Ondoren, partidaren azken minutuetan Santamariak sartu zuen Bermeoren hirugarren gola.