Urberuaga, ekainerako amaituta
Bigarren hamabostaldian errepidea osorik zabalduko dutela jakitera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Berriatuaraino dagoen tartea hobetzen jarraituko duteEkainaren bigarren hamabostaldian amaituko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemeingo Urberuaga ...
Bigarren hamabostaldian errepidea osorik zabalduko dutela jakitera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Berriatuaraino dagoen tartea hobetzen jarraituko dute
Ekainaren bigarren hamabostaldian amaituko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemeingo Urberuaga auzoko errepideko lanak. 3.167.000 euroko inbertsioa egin du erakundeak errepidea egokitzeko eta hamabi hilabetetan gauzatu dituzte lanak.«Bizkaiko errepide-sarea hobetu eta modernizatzeko Bidesarea Planaren barruko obra horren bidez errepideko estandarrak egokitu dira, 7 metroko gutxieneko zabalera lortu arte. Bihurguneetako zabalerak ere egokitu dira, eta lehenago zirkulazioa zailtzen zuen, eta are gehiago, ibilgailu astunen arteko gurutzaketak eragozten zituen gutxieneko ratioetako ibilbide bihurgunetsua gainditzea lortu da», azaldu dute.
Obra gaitza
Inguruaren orografia malkartsua dela eta, obra gaitza eta burutzeko konplexua izan dela jakitera eman du Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak. «Alde batean, Artibai ibaia eta bestean neurriko handiko ezpondak daude, eta lan egiteko espazioa, trafikoa erabat itxi gabe, oso mugatua da. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa izan da obrak iraun duen aldi osoan zehar pantailak jartzea lur-erauzketa ibilgailuetarako aldetik bereizteko, eta bide bat ixtea, zirkulazioa txandaka bideratuz».
Lan horiek guztiek erabiltzaileei eragozpenen bat sortu izan diela esan du diputatuak, eta herritarren pazientzia eskertu du.
Urberuagatik igarotzen den errepidea egokitzeko, errepideko plataforma zabaldu dute neurri handiko lur erauzketak eginez, eta Larruskaingo bidegurutzea hobetu dute norabidea aldatzeko biribilgune erdi bat eraikita. Horrez gain, drainatzea, bide-zorua, seinale horizontal eta bertikalak, balizak eta eusteko hormak hobetu dituzte. «Hobekuntza nabarmena egin da bai segurtasunari dagokionez, bai eta lotura aldetik ere. Lea-Artibai eskualdea hobeto konektatzeko Bizkaiko beste eremu batzuekin».
Urberuagan egindako esku-hartzeak errentagarritasun sozial handia dakarrela ere adierazi du aldundiak. «Gogora ekarri behar da BI-633 Durangotik Ondarroara doan errepidea dela, eta egunero 7.000 ibilgailu inguruko zirkulazio dentsitateari eusten diola; kopuru horretatik 700 bat kamioiak dira, Ondarroako portuarekiko bide-lotura nagusia delako».
Proiektua idazten
Urberuagako zatia amaitzear dagoela, errepide horren hobetze lanekin jarraituko duela aurreratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Momentu honetan, obra amaitu den tokitik Berriaturaino dagoen tartea hobetzen jarraitzeko proiektuaren idazketa amaitzen ari direla jakitera eman dute, ondoren, obra egiteko. «Jarduera hori ere Bidesarearen 2016-2017 aldirako jarduketen barruan dago sartuta».