Merkataritza euskalduntzen
Gernika-Lumoko Udalak 20 urtetik gora daroaz merkataritza euskalduntzeko zerbitzuak eskaintzen, eta erreferente da herri askorentzat. Ehunka merkatari, ostalari eta elkarte batu zaizkio.HITZARGUNE kanpaina 1991n abiatu zuen Gernika-Lumoko Udalaren eusk...
Gernika-Lumoko Udalak 20 urtetik gora daroaz merkataritza euskalduntzeko zerbitzuak eskaintzen, eta erreferente da herri askorentzat. Ehunka merkatari, ostalari eta elkarte batu zaizkio.
HITZARGUNE kanpaina 1991n abiatu zuen Gernika-Lumoko Udalaren euskara sailak, udalerrian euskararen presentzia eta erabilera handitzeko merkataritza arlo estrategikoa zela ikusita. Lehenengo udalerrietakoa izan zen merkataritza arloko plana garatzen, Artez Euskara zerbitzuagaz elkarlanean. Azkenengo urteetan Euskal Herriko hainbat eta hainbat udalerritatik jaso dituzte kontsultak proiektuaren inguruan, erreferentziala ere bihurtu delako zenbaitentzat.Udalak eta merkatariek hitzarmenean jasotzen dituzte konpromisoak: merkatari-ostalari zein zerbitzu enpresek eguneroko jardunean (irudi korpopratiboan, bezeroekin dituzten idatzizko zein ahozko harremanetan, eta barne harremanetan) apurka-apurka euskara erabiltzeko konpromisoa hartzen dute; eta udalak, era berean, merkatariek hartutako konpromisoak betetzeko behar dituzten baliabideak eskaintzen dizkie: itzulpen zerbitzu iraunkorra, ohiko kartel eta idazkiak euskaraz pertsonalizatuta, urteroko bisitaldia helburuak adosteko (mikrodiagnostikoa eta mikroplana), negozioan hizkuntzak kudeatzeko aholkularitza pertsonalizatua, ikastaro berezituak, euskaltegiko matrikulazioan hobariak langileentzat…
Hizkuntza paisaia aldatzen
Gaur egun, 172 merkatarik sinatuta dute hitzarmena udalagaz, eta urtez urte euskararen erabileran aldaketak lortzen dituzte. Udala arlo hori jorratzen hasi zenetik, asko aldatu da egungo herriko hizkuntza paisaia eta erabilera sektorean.
Gernika-Lumoko edozein merkatari, ostalari zein enpresarik aukera dauka urte osoan HITZARGUNEra biltzeko. Urte askoan martxan dagoen saltokia izan zein negozio berria izan, denek dauzkate ateak zabalik. Negozio berrien kasuan, gainera, udalaren hirigintza sailagaz elkarlanean, lizentzian bertan zerbitzuaren berri ematen da, eta euskara zerbitzua eta hirigintza saila koordinatuta daude. Urte birik behin sustapen kanpaina bereziak ere egiten ditu udalak partaideak erakartzeko asmoz.
Enpresei ere zabalik
1991n merkataritzagaz hasi eta 2001ean enpresen arloa ere jorratzea erabaki zuen euskara zerbitzuak. Oinarrian, haiekin ere metodologia bera erabiltzen da, euren egoerara egokitua, beharrak ere desberdinak direlako (dokumentazio gehiago, langile gehiago…). Gaur egun, arlo desberdinetako 56 enpresak parte hartzen dute HITZARGUNEn (aseguru etxeak, burdingintza arlokoak, aholkularitza enpresak, auto salmenta eta konponketa…). «Negozio linea edozein izanda ere, begi bistakoa da euskara erabiltzea negozioa hobetzeko tresna dela. Gainera, tarteka, parte hartzaileei asebetetze inkestak pasatzen dizkiegu zerbitzuaren balorazioa egin dezaten, ekintza batzuk indartu eta behar diren moldaketak egiteko», adierazi dute.
Gernika-Lumoko Udalarentzat arlo sozioekonomikoa estrategikoa da euskararen normalizaziorako, eta herriko merkatari, ostalari, eta enpresak HITZARGUNEn parte hartzera animatu nahi ditu, euren negoziorako positiboa dalako.
Informazio gehiago jaso nahi duenak edo kanpainan parte hartu, jarri harremanetan hemen: Estiñe Astorkia /Eider Iturricastillo /Bittor Zarrabeitia; Artekale, 8, 3. Solairua- Gernika-Lumo; eastorkia@artez.net / eiturricastillo@artez.net; 688 628 117 / 94 627 02 05; www.facebook.com/hitzargune.gernika; https://vimeo.com/search?q=hitzargune.