Krisi ekonomikoa gizartearengan eragin handia izaten ari dela diote sindikatuek. Biharko, nazio mailako manifestazioa deitu du LAB sindikatuak. Bilbon batuko dira Euskal Herritik heldutako hainbat langile, “soldata duinen alde, malgutasunaren aurka, enpleguaren defentsan, lan osasunaren bermeagatik, lan hitzarmenen alde, lan mundua euskalduntzeko eta berdintasuna aldarrikatzeko”.
Bizkaiko hiriburuko kaleetan protesta egingo dutela dio LAB sindikatuak. Hala, zeinek bere aldarrikapena eramateko eskatu du sindikatu abertzaleak. Manifestazioa 17:30ean aterako da, udaletxetik.
Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetako ordezkari Jon Iñaki Alkorta Jobi-k azaldu duenez, “bi eskualdeak ez dira irla bat izan krisi honetan, eta sektore bakoitzean modu ezberdinean eragin du”. Alkortaren iritziz, sektoreak, enpresak eta langileak geroz eta lan baldintza prekarioagoak dituzte, soldata baxuak eta lana mantenduko duten etengabeko zalantza.
Gauzak horrela, gizarte eredu berri bat posible dela aldarrikatuko du LABek. Pobrezian, langabezian eta prekarietatean oinarrituko ez den gizarte eredu berria, alegia. Horregatik, Bilboko mobilizazioan krisiak lan munduan sortu duen prekarietatea salatu eta langileen batasuna adierazi nahi dute.
Era berean, ekimen bereziak egin izan dituzte Busturialdean eta Lea-Artibain, eta hurrengo egunetarako ere salaketa dinamika bategaz jarraituko du sindikatuak. Ekainaren 2an, kasurako, bi eskualdeetan autokarabana bat eta agerraldia egingo dituzte, Cikautxoko azpikontratetako langileen prekarietatea salatzeko. Ekainaren 3an, berriz, informazio gunea jarriko dute Gernika-Lumoko Merkurio plazan, eta elkarretaratzea egingo dute Bermeon.
Krisi egoeratik ateratzeko konponbideak hainbat izan daitezkeela dio Alkortak, eta bi eskualdeetarako, sektorez sektore, irtenbidea izan daitezkeen proposamenak ere badituzte.
Eragina gizartearengan
Alkortak azaldu duenez, emakumeak eta gazteak dira krisiagatik gehien kaltetu direnak. Datuen arabera, emakumeek lan munduan sektorerik merkeena suposatzen dute; hau da, gutxien baloratzen den eskulana da. Soldatari dagokionez, eskualdeotan, %30erainoko desberdintasuna ere badagoela dio Alkortak. Langabetuen artean ere, erdia baino gehiago emakumezkoak dira, eta etxeetan neskame lan egiten duten langileen soldata ezarritakoa baino %40 baxuagoa da.
Gazteeen artean ere egoera kezkagarria dela aipatu du sindikatuko kideak: %50eko langabezia tasagaz, lana duten gazteen artean erdiak bere eskualdetik kanpo lan egiten du. Gainera, sinatutako kontratuen %96 aldi baterakoak direla dio, eta horrek lan munduratzea zailago egiten duela. “Lanpostuei dagokienez, gazte asko zerbitzuen sektorean hasten dira beharrean, kontratu barik. Aldi berean, krisiak erregulatu bariko lanpostu horiek ugaritu egin ditu” azpimarratu du.
Industria
Metalaren sektoreari buruz hitz egiterakoan, Alkortak dio berau izan dela beti eskualde bietan indartsuena. Hala ere, dioenez, oraingo egoerak ez dauka zer ikusirik orain dela hamar urtekoagaz. “Hainbat enpresa itxi dituzte, eta oso gutxi etorri dira”. Gainera, hamar urte hauetan ez da hitzarmen kolektiboa berriztu, eta langileek lan baldintza berekin jarraitzen dute.
Orain arte Bizkaiko hitzarmen kolektiboa izan da onuragarriena langileentzat; hala ere, Espainiar Estatuan onartu berri duten hitzarmenak eskualdekoen gainetik jarriko da indarrean, eta horrek lan baldintzak okertuko dituela uste du Alkortak.
Industriaren arloan, enpresa askoren jabeak atzerriko enpresak izatea ere kontuan hartzekoa dela azaldu du: “Kontua da, enpresa askoren egoera ona izan eta bertan inbersioak egin arren, gerta daitekeela etorkizunean beste herrialde batera joan nahi izatea, Arcelorrekin gertatu legez”.
Arazo horri aurre egiteko, industria politika propioa proposatu du LABek; hain zuzen, beste enpresa batzuekin gertatu dena hemen ez errepikatzeko: “Bertako enpresak behar dira” –dio–, bermeak behar ditugu, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak politika berrien alde egin behar du Multinazionalak erakartzeko diru publikoa erabiltzen dute, baina gero gobernuak ezin du ezer egin horiek alde egitea erabakitzen dutenean”.
LAB sindikatuak maiatzaren lehenean Bermeon egindako manifestazioa
Lanpostu publikoak
Lanpostu publikoak ere izan ditu mintzagai LABeko ordezkariak. Dioenez, geroz eta lan esparru handiagoa hartzen dute bi eskualdeetan, baina kasu gehienetan, lan publikoa egiten duten langileek azpikontratatutako enpresa batentzat lan egiten dute. Alkortak dio enpresa horietan hitzarmen kolektiborik ez dagoela, eta dagoenen kasuan, ez dutela errespetatzen.
Horrek lanpostu prekarioak sortzea dakarrela dio, eta horri erantzuna emateko, sindikatua dinamika bat burutzen ari da; udaletan klausula sozialak onartzeko mozioak aurkeztu dituzte. “Horren helburua da udal edo erakunde publikoek kontratatzen dituzten zerbitzuetako langileen lan baldintzak bermatzea”. Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen eta Ondarroan aurkeztu dituzte mozioak; Busturialdeko udalerriak ez zuen onartu; beste biek bai. Bermeo eta Lekeition, aldiz, hurrengo osoko bilkuretan aurkeztuko dute mozioa.
Salatu duenez, azpikontratazioak gero eta ugariagoak dira, eta enpresa horietako langileen eskubideak ere bermatu behar direla uste du sindikatuak.
Ildo berean, kooperatiba batzuek egiten dituzten azpikontrazioei buruz ere kezka azaldu du sindikatu abertzaleak. “Kooperatiba batzuen inguruan hamabi azpikontrata ere egon daitezke, eta enpresa horiek dituzten langileek 800 euroko soldata jasotzen dute, lan hitzarmenik aplikatu barik”.
Lehen sektoreari erreparatuz, arrantzak azken urteetan izan duen beherakada “izugarria” izan da: “10.000 langile izatetik 2.000 izatera, eta 300 itsasontzi izatetik, gaur egun, 40 izatera”. Horren arrazoia Europak hartutako erabakiak dira. “Arrantza kuota eta debekuak kanpotik inposatzen dizkigute, eta bertoko arrantzak sekulako galerak izan ditu”. Gainontzeko portuekin alderatuta, LABek argi dauka hemen askoz ere gehiago galdu dela Frantzian baino. “Arrantzaleen egoera oso gogorra da, lan baldintzak oso gogorrak direlako eta soldatak ere arrantzaren araberakoak izaten direlako”.
Aldaketa posible da
Beraz, 1.200 euroko soldata duina eta 35 orduko lan asteak aplikatu beharreko gutxieneko baldintzak direla uste du LABek. Eta lan osasuna eta euskaraz lan egiteko eskubidea ere kontuan hartzeko eskatu du.
Emakumeek aukera berak eduki ditzaten, bermeak beharrezkoak direla esan du. Egoerari buelta emateko aukera badagoela dio, baina patronalak eta gobernuek horretarako borondatea izatea beharrezkoa dela.