Euskal Erromeriak dantzaz jantziko du bihar, Mutriku
Gure Ametsa dantza taldeak antolatuta, Euskal Erromeria egingo da bihar, Mutrikun. Euskal dantzei eskainitako egun osoko egitaraua prestatu dute mutrikuarrek, eta herritar guztiak eurekin batera dantzan egitera animatu dituzte. «Nahi duenak dantzari a...
Euskal Erromerira begira, gainera, urtero ikastaro berezia antolatzen dute, eta azken asteotan jo eta su ibili dira entsegatzen egun handirako. «Ikastaroan batu garenok kalera irtengo dugu bihar. Aurten berri-berriekin aritu gara, eta nahikoa jende etorri da, ohi baino gehiago. Gustura ibili gara ikastaroan, eta azkar ikasi dituzte dantzak». Gure Ametsakoek aurreratu dutenez, 80 bat dantzari batzeko esperantza dute kalerik kale, giro ezinhobean.
12:30ean hasiko da jaia Beheko Plazan, baina dantzariek taldeko lokalean ordu erdi arinago ipini dute hitzordua, azken prestaketa lanak egiteko. «Tarte horretan azken ikutuak ematen aritzen gara. Elkarri zapiak ipintzen edota amantalak ondo jartzen».
Dantzan, kalez kale
Denak dotore ipini eta gero, Beheko Plazan herriko txistulariekin eta trikitilariekin batu, eta kalejiran dantzak tartekatzen joango dira Goiko Plazarantz: arin-arinak, fandangoak … Goiko Plazara heltzean, berriz, geldialdi txiki bat egin, eta saio berezia eskainiko dute: Larrain dantza, zazpi jauziak, herri dantza edo ostalertza dantzatuko dituzte, besteak beste. Goiko Plazako saioa amaitu ondoren, Beheko Plazarantz abiatuko dira, goizeko dantza saioari amaiera emateko.
Bazkal aurretik hainbeste dantzan egin eta gero, Miruaitz frontoian batuko dira bazkaritan, 14:30ean, indarrak hartzeko, eta bapo bazkaldu eta gero, erromeria egingo dute Beheko Plazan, 18:00etan hasita.
Imuntzok eta Belokik girotuta, 21:00ak arte gerriak astintzeko aukera egongo da, erromerian.