Mundu bat arrozaren bueltan
Kultura ezberdinen arteko hartu-emana bultzatu asmoz, Munduko Arrozak ekimena antolatzen dute Gernika-Lumon. Aurten zazpigarrenez egingo dute, maiatzaren 28an.Beste urte batez, kultura ezberdinetako jendea batuko da arrozaren bueltan. Zapatuan egingo d...
Kultura ezberdinen arteko hartu-emana bultzatu asmoz, Munduko Arrozak ekimena antolatzen dute Gernika-Lumon. Aurten zazpigarrenez egingo dute, maiatzaren 28an.
Beste urte batez, kultura ezberdinetako jendea batuko da arrozaren bueltan. Zapatuan egingo dute Gernika-Lumon Munduko Arrozak sukaldaritza txapelketa. Aurte ere, Pasealekuan egingo dute jaialdi giroa hartzen duen txapelketa, eta herriko kuadrilla zein taldeen parte hartzea bultzatu gura dute. Norbanakoek ere parte har dezakete; antolakuntzakoekin harremanetan jarri eta beste talderen bategaz parte hartzeko aukera edukiko dute.Ideasur, Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Astra, Sociedad Ciclista Gernikesa, Gu gaztek eta Gernika-Lumoko Udalak bultzatutako ekimena da Munduko Arrozena; aurten zazpigarrenez eramango dute aurrera.
Anitza eta aniztasunean
Parte hartu gura dutenek maiatzaren 27a baino lehen eman behar dute izena, eta pertsonako euro bat eskatuko dute antolatzaileek, antolaketa gastuei aurre egiteko.
Parte hartzaileek arroz ekologikoa izango dute eskura, zapatuan, dohainik, eta gura duenak plastiko birziklagarriagaz egindako platerak hartu ahal izango ditu, euro batean bakoitza. Arroz «komunitarioa» ere egingo dute; eta gura duenak arroz plater bat hartzeko aukera edukiko du, prezio merkean.
Munduko arrozen bueltan, jatorri ezberdineko gernikarrak batzea du helburu ekimenak, hartu-emanak bultzatuz. Topaketa gastronomiko-kultural horren bitartez, parte hartzaileak Gernika-Lumon eta herriko auzoetan dagoen aniztasunaz jabetzea ere badute helburu.
Ekimenean parte hartzen duen talde bakoitzak arrozagaz egindako plater bat aurkeztu beharko du txapelketara, eta jatorri desberdineko hainbat gernikarrek osatutako epaimahaiak erabakiko du denen artean zein den gozoena.
Gainera, parte hartzen duen kuadrilla bakoitzak behar baino errazio gehiago egin beharko ditu, gainontzeko talde parte hartzaileek ere dastatzeko. Postreekin, beste alde batetik, dastatze mahai bat jarriko dute, eta lehiaketan parte hartzen dutenek errezetak idatziz eroan beharko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
Munduko Arrozetan parte hartu gura dutenek honako helbide honetara mezua idatzita eman dezakete izena: gernika@gernikagogoratuz.org. Izena, kontaktua eta pertsona kopurua zehaztu behar dira.