IX. Mugari biran 120 herritarretik gorak hartu dute parte
Ajangizko mugetatik urtero egiten duten ibilaldia egin zuten, domeka goizean. Ajangiztarrekin batera, inguruetako bizilagunak elkartu ziren, besteak beste, Gernika-Lumotik, Arratzutik eta Mendatatik animatu zen jendea, eta antolatzaileek zehaztu dutene...
Goiztiarrenak 08:30ak aldera irten ziren udaletxe aurreko plazatik ibilbide luzea egiteko. 100 herritar inguruk egin zuten 20 kilometroko ibilaldia. Ordubete beranduago, leku beretik atera ziren ibilbide laburreko 20 bat partaideak.
Eguraldiak ez zien askorik lagundu ibiltariei, eta ibilbidean zehar, tarteka, lupetza topatu zuten arren, giro ederrean burutu zituzten bi ibilbideak, eta partaideak oso gustura ibili zirela kontatu dute antolatzaileek.
Ibilbide luzekoek udaletxeko plazatik, Burgoa, Olesko, Argana, Aristieta, Kanpantxu auzoa, Mentzeta, Eperlanda, Solaurren eta Pertxamendi zeharkatu zituzten, gero hasitako leku berean amaitzeko.
Hiru ordu inguruan egiteko martxa izaten den arren, domekakoan Irati Apraiz lehenak eta Beñat Bonilla bigarrenak bi ordutan burutu zuten 20 kilometroko ibilbidea.
Ibilaldi laburrean batu ziren herritarrak ere plazatik Burgoara joan ziren, eta handik Oleskora pasatu, eta Argana, Aristieta, Kanpantxu auzoa eta Mentzeta pasatuta, Okaganara ailegatu, eta handik bueltako bideari ekin zioten.
Ibilaldiak amaitzean, partaide guztiak batu ziren, eta hamaiketakoa jan zuten. «Hamaiketako ederra eduki genuen, tortillak, txorizoak, urdaiazpikoa, saiheskiak…»,
Gainera, partaide guztiei Ajangizko armarridun gerriko poltsa bana oparitu zieten.