Lurgorriko eskola inguruak egokitzeko lanak hasi ditu Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen, 15.875 metro koadro egokituko dituzte inguru horretan, eskola eta ermitaren inguruko landak herritarrentzat baliagarriak bilakatu asmoz.
Iaz aurkeztu zuen udalak Lurgorrirako
proiektua, eta horretan
680.000 euro inbertituko dituztela azaldu zuen Jose Mari Gorroño alkateak. Besteak beste, jesarlekuak, umeentzako jolas gunea eta ur txorrotak botatzen dituen iturria jarriko dutela azaldu zuen. Alkatearen esanetan, proiektuak berdeguneak egokitzea eta inguruko zerbitzuak hobetzea dauka helburu.
Eskola eta ermita inguruan ere hasi dira lanean
Eskola eta ermita
zaharberritzeko lanak ere hasi dituzte. Eraikinak erabilgarriak izan daitezen eta umeentzako gune bat atontzeko, konponketak egingo dituzte. Udalak, horretarako, 30.000 euroko partida gorde du.
Desadostasunak
Zenbait auzotarrek eta Gernika-Lumoko EH Bilduk bere desadostasuna azaldu zuten, proiektua egiterakoan
herritarren parte hartzerik ez delako egon. Auzokoen esanetan, tamaina horretako proiektu bat egiten denean bizilagunekin batzartzea beharrezkoa da, haiek direlako auzoaren beharrizanak ondoen ezagutzen dituztenak. Horren harira, proiektuan parte hartzeko aukera izatea eskatu zuten; horretarako,
idazki bat kaleratu zuten azaroan, eta udal osoko bilkuran aurkeztu. Koalizio abertzaleak, bere aldetik, salatu zuen proiektua “auzotarren beharrizan errealak zeintzuk diren galdetu gabe” egin dela.