Langile bat zauritu da, Laidatxu hondartzako lanetan 15 metrotik erorita
Mundakako Laidatxu hondartzaren hegalean hondeamakina bategaz zegoen lanean, eta hankan izan ditu zauriak. Zain Dezagun Urdaibai plataformakoek lanok salatu zituztenLangile bat zauritu zen atzo, Mundakako Laidatxu hondartzako hegoaldeko hegal batean ho...
Mundakako Laidatxu hondartzaren hegalean hondeamakina bategaz zegoen lanean, eta hankan izan ditu zauriak. Zain Dezagun Urdaibai plataformakoek lanok salatu zituzten
Langile bat zauritu zen atzo, Mundakako Laidatxu hondartzako hegoaldeko hegal batean hondeamakina bategaz lanean ari zela hamabost metrotik erori zenean. Ezbeharra 08:30ean gertatu zen.Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi zuenez, ezponda batetik erori zen lanean zegoenean. Jakitera eman zutenez, «hasiera batean, hanka batean zituen zauriak».
Osakidetzaren helikoptero bat bertaratu zen hondartzara, langilea bertatik atera eta Barakaldoko Gurutzetako ospitalera eramateko.
Salatutako lanak
Lanak hasi ziren momentutik, Zain Dezagun Urdaibai elkartekoek adierazi zuten lanok «ezkutukoak» zirela, eta behin eta berriro eskatu izan dute Mundakako Udalean horiek gelditzeko. Izan ere, lan horiek Portuondo auzoko 5. eta 6. zenbakietako etxeen ezponda konpontzeko ari dira egiten, hondartzatik hondeamakina eta kamioiak sartuz, gune hori babestuta egon arren.
Laidatxu hondartzako hegoaldean egiten ari diren lan horiek, «babes berezia duen gune batean», hain zuzen ere.
Elkartekideek adierazi dute, lanok Mundakako Udalaren baimena bazeukaten ere, ez zeukatela Urdaibaiko Patronatuaren baimenik. Bizkaiko Foru Aldundiak ere lan horiek onartu zituen, baina tokiaren izaera babestua kontuan harturik, baldintza batzuk jarri zituen.
Zain Dezagun Urdaibaiko kideek baldintza horiek ez dituztela bete azaldu dute. Izan ere, baldintzetan ezpondaren berreraikuntza aipatzen da, baina elkartekoek azaldu dute han inoiz ez dela inolako hormarik egon.
Eta gaineratu dute, urteetan auzokoek labarreko zuhaitzak moztu dituztela, «babes naturalak kenduz eta hormaren erorketa eraginez».